Gaztelania | Euskera

Etxeko eta zaintzako langileen Munduko eguna

Gaur Etxeko eta Zainzako Langileen Munduko Eguna da. Hori horrela izanik, Caritas Bizkaiak sektore horrek bizi duen lan-prekarietatea eta eskubide-urraketak salatu nahi ditu.

Koronabirusak eragindako krisi soziosanitarioa agerian uzten ari da prekarietatea, eta, gainera, egoerak are larriago bihurtu du sektore feminizatu horren babesgabetasuna.

Orain arte ere esan izan dugu; bazterkeria ez da neutroa, eta aipatutako lan-kolektiboa da prekarioetako bat. Ez zaio garrantzirik ematen, eta, beraz, ezta arretarik ere. Egoera horrek hausnarketa bat behar du, eta, horretaz gain, funtzio horrek daukan balioa eta ematen zaizkion bizi- eta lan-baldintzak zeintzuk diren hobeto ezagutu behar dugu.

 

Etxeko lana enplegu prekario bihurtzen duten aspektu nagusiak.

  • Gizarte Segurantzaren erregimenean erabat barneratuta ez egotea.
  • Langabeziaren prestazioa ez aitortzea.
  • Tramoka kotizatzea. Horrela, kotizazioa benetako soldataren azpitik geratzen da.
  • Etxeko lana Laneko Arriskuen Prebentziorako Legearen aplikazio-esparrutik kanpo uztea.
  • Jazarpen sexual edo sexuagatiko jazarpenaren prebentzio eta ekintza prozedurarik ez aplikatzea.
  • Hitzarmen Kolektiborik EZ izatea. Ondorioz, EZ dago definituta kategoria profesionalik, ez funtziorik, ez arrisku plusik… Beraz, arlo guztiak modu berean saritzen dira.
  • EZ daude Berme Sozialeko Fondoaren barruan -FOGASA-. Beraz, enplegatzaileak kaudimenik ez badu, fondo hori ez da soldatak ordaintzeaz arduratuko.
  • Asteko 40 orduko lanaldia gainditzen da, batez ere, barneko langileen eta gauez lan egiten dutenen kasuan.
  • Atzera egiteko aukera dago, eta lan-harremana bukatutzat emateko, arrazoirik eman beharrik gabe.

 

Historia apur bat

2011.urtean, etxeko zerbitzuaren laneko araudi berri bat onartu zen, 25 urtez batere aldaketarik gabe egon ostean. Berriztatu arren, ez da nahikoa. Sektore horretako langileek langabeziaren prestazioa jasotzeko aukerarik gabe jarraitzen dute. Aspektu hori aldarrikatzen jarraitu beharra dago, beste batzuekin batera; hala nola, kaleratze librearen egoeran gertatzen den babesgabetasuna, “barneko langilearen” figura mantentzea, edota istripu profesional edo gaixotasunen aurkako babes falta, beste batzuen artean.

Bizi dugun pandemia egoerak argi erakutsi digu krisia ez dela soilik osasun arlokoa; soziala ere badela. Caritas Bizkaiak etxeko langileen sektorearen inguruko esperientzia dauka. Modu profesionalen ziurtatutako prestakuntza eskaini dugu eta familia enplegatzaileekin harremanetan egon gara gure lan-agentziaren bidez. Horrela izanik, gaur egungo egoerak etxeko langileengan dituen ondorio larrien testigu izaten ari gara; izan ere, berez prekarioak ziren baldintzek okerrera egin dute.

 

Neurri politiko urgenteak

Era berean, Caritas guztiak multzokatzen dituen Konfederazioaren izenean, Gobernuari eskatu zaio berehala neurriak hartzeko, etxeko langileak Erregimen Orokorrean sartzeko, eta langabezia egoeran babesa ematea bermatzeko. Ezin dugu ahaztu langile moduan eskubideak dituztela, gure edadetu eta seme-alabak zaintzen ari diren pertsonak direla, eta errespetu osoa merezi dutela. Hori horrela izanik, egoera administratibo irregularrean egonda ere, ezin zaizkie beren eskubideak ukatu.

Horregatik, sektore honetan honakoa eskatzen dugu:

 

  • Espainiak C189 berrestea – “Etxeko langileen Hitzarmena”. Horren arabera, herrialdeei eskatu nahi zaie beren legeriak egokitzeko, sektore horrek eskubide laboral eta prestazio sozial guztiak bermatuta izan ditzan. Gaur egun, Hitzarmen hori 24 herrialdek berretsi dute; horietatik 6 EBkoak dira: Alemania, Argentina, Belgika, Irlanda, Italia edota Portugal daude horien artean.

 

  • Berandu gabe, etxeko langileak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartzeko beharrezko lege aldaketak egiteko, gainerako langileek aitortuta dituzten prestazio berberak izateko. Eta beharrezko lege neurriak sustatzeko, etxeko langile eta zaintzaileen eskubideak gainerako langile guztien eskubideekin parekatzeko. Horretarako:

 

  1. Nazio mailako Hitzarmen Kolektibo bat lortzeko neurri guztiak jarri behar ditugu martxan, sektorea erregulatzeko; kategoria profesionala, funtzioak, arrisku plusa, soldatak eta abar definitzea.
  2. Gizarte Segurantzan kotizatzeko sistema bat ezartzea. Horren bidez, kotizazio oinarriak jasotako soldatarekin parekatuko lirateke.
  3. “Etxea” “lantokitzat” hartzea, Lan arloko Ikuskariek dagozkien kontrolak egin ahal izateko.
  4. Laneko arriskuen prebentzio Legearen barruan sartzeko.

 

Gonbidapena  

Gaur hausnarketarako eguna da: egiteko horiek burutzen dituzten pertsonek zein baldintzatan lan egiten duten pentsatu behar dugu, prebentzio eta lan protokoloak betetzen ari diren, zer gertatzen den beren lanaren ondorioz kutsatzen direnean… Beren lanak gure sisteman daukan garrantziaz pentsatu behar dugu, eta lan horiek eteteak zein ondorio izango lituzkeen. Pentsatu behar dugu gure Sistemak ez ote lituzkeen langile guztiak behar den moduan babestu beharko, horrela, pertsonak bazterkeria-espiral batean erortzea saihestuko genuke; izan ere, gero oso zaila da hortik irtetea. Azken finean, sektore horren barruan ikusezin bihurtutako langileengan pentsatu behar dugu.

 

 

Leave A Comment