Gaztelania | Euskera

Errefuxiatuen Munduko Eguna

Gaur ekainaren 20a da, errefuxiatuen Munduko Eguna, eta Caritas Bizkaian uste dugu ez daukagula ospatzeko ezer, baina badago ikusarazi nahi dugun errealitate bat, denon ardura baita: Milioika pertsonak utzi behar duten atzean beren jaioterria, hau da, derrigorrez lekualdatzera behartuta daude.

Aurten, 2021, gainera, bi urteurren garrantzitsu bete dira: Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioaren 70. Urteurrena, eta Herrigabetasun kasuak murrizteko Konbentzioaren 60. Urteurrena. Egungo egoeran, inoiz baino beharrezkoagoak dira.

Aurten, oraindik, ez da ACNUR erakundearen (Nazio Batuen errefuxiatuentzako Goi Batzordea) Joera Globalen inguruko txostena argitaratu, baina 2020ko ekainean esandakoaren arabera, 80 milioi pertsona baino gehiago zeuden mundu osoan leku-aldatze prozesuan. Orain arte inoiz ezagututako zifrarik altuena.  Gainera, ezin dugu ahaztu Covid-19aren ondoriozko pandemiak bereziki eragin diela pertsona horiei.

2020ko martxoaren 14an Alarma Egoera deklaratu zen gure herrialdean, eta horrek gure bizitzeko, lan egiteko eta sentitzeko moduak ere aldatu zituen. Pertsona guztiok konfinatu gintuzten, mugak itxi egin ziren, hegaldiak bertan behera geratu ziren… eta denoi hainbeste eragin zigun egoera horrek, kalte are handiagoa egin zuen migratuei eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei.

Batetik, herrialdera sartu ziren pertsonen kopurua % 28 jaitsi zen aurreko urtearekiko (OIM erakundeak erregistratutako datuak), eta, zehazki, gure autonomia erkidegorako migrazio-fluxua % 75 murriztu zen, aurreko urtearekiko.

Bestalde, errefuxiatuen kolektiboan zentratuta, Latinoamerikatik datozen pertsonak izan ziren kaltetuenak, aire bidezkoa baita etortzeko modu bakarra. Nazioarteko hegaldiak bertan behera geratu ziren, beraz, beren jaioterrian edo beste herrialde batzuetan geratu behar izan dira.

Kasu gehienetan, baldintza negargarrietan bizirautea lortu dute eta bazterkeria egoeran edo muturreko babesgabetasun egoeran geratu dira, pertsona horientzako beharrezko babes protokoloak betetzen dituen herrialde batera ezin sartzeagatik.

Ondorioz, nazioarteko babes-eskaerak 2019an baino % 36 gutxiago izan dira. Euskadin, nazioarteko babesa eskatu duten nazionalitate nagusiak Kolonbia, Venezuela, Nikaragua eta Honduras izan dira.

Caritas Bizkaian pertsona guztiei arreta ematen jarraitzen dugu, bertakoei zein atzerritarrei, eskubideen ikuspegitik, eta Frantzisko Aita Santuaren enkomienda bizirik mantentzen dugu: jendeari harrera egin, babestu, sustatu eta integratzea.

Caritasen proiektu guztietan babestu, sustatu eta integratzeko lan egiten dugu, bai errefuxiatuentzako berariazkoak ez diren programen bidez (familia eta haurtzaroa, harrera integrala, enplegua eta ekonomia solidarioa eta abar), baita kolektibo horri bereziki zuzendutako ekimenen bidez ere: Goihabe proiektua edo Babesletza Komunitarioaren proiektua.

Era berean, Caritas Bizkaiak modu aktiboan lan egiten du Bilboko Elizbarrutiaren beste ekimen batzuekin eta elizaren eremuko beste erakunde batzuekin.

Ekimenetako batzuk:

  • Isiltasun zirkuluak. Horien bidez, hilabetero, azken asteazkenean, migratu eta errefuxiatuek sufritzen dituzten politika bidegabeak salatzen dira.
  • Komunitate Abegitsuak. Gure herri, hiri eta auzoetara heltzen diren pertsonei harrera egin, babesa eman eta bidean laguntzen dieten komunitateak.

Gogoan izan behar dugu, Nazioarteko Lankidetza eta Migrazio arloan urteak daramatzagula Libano eta Serbian dauden errefuxiatuei laguntzako proiektuetan parte hartzen, eta beste Caritas batzuei eta beharrizan handiko eremuetan lan egiten duten erakundeei babesa ematen.

Bukatzeko, Frantzisko Aita Santuaren hitzak hartu nahi ditugu gogoan, bizimodu hobearen bila gurera heldutako pertsonei gure bihotzak eta etxeak zabaltzeko deia egiten baitigu:

“Desberdinak diren pertsonei harrera bihotzez egiten zaienean, haiek izaten jarraitzeko aukera ematen zaie, baina beste aukera bat emanez. Kultura aniztasunak aberastasuna ekarri du beti, eta mantendu egin behar dugu, mundua ez pobretzeko. Hori dena, beste errealitate batzuekin elkartu eta are gehiago aberasteko nahiari uko egin gabe.” (FT134)

 

Leave A Comment