Gaztelania | Euskera

Errefuxiatuak : Egoerako txostena

 Zer ari da gertatzen gaur egun?

 

Espainiako Caritasen azken txostenean jasotzen denez, azken hilabeteetan, milioika pertsonak utzi dituzte euren etxeak Ekialde Ertainean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan, gerratik, hondamendutik, gatazketatik, pobreziatik eta gerra ekonomikoetatik ihesi. Pertsonen etengabeko joan-etorria Bigarren Mundu Gerratik izan den errefuxiatu eta migratzaileen exodorik handienetarikoa bilakatu da Balkanetan. Egun munduan den barne-desplazamenduen krisirik handienaren erdigunea izango da Siria orain seguru asko; 7 milioi desplazatu baino gehiago dago.
Horri guztiari gehitu behar diogu Balkanetan izan berri diren gertakari politikoak eta mugen itxiera, pertsona errefuxiatu eta migratzaileen mugikortasuna zailtzen baitute. Izan ere, Grezia eta Mazedoniaren arteko zein Mazedonia eta Serbiaren arteko mugetan Siria, Afganistan eta Irakeko nazionalitatea duten pertsonek badute gurutzatzeko baimena, baina Iran, Bangladesh edo Pakistan gisako herrialdeetako pertsonak migratzaile ekonomiko gisa sailkatuta daude eta sartzea debekatzen zaie. Inguru horretako Caritas guztiek adierazi dute horrek izugarri larriagotzen duela arreta premian dagoen egoera humanitarioa.

Azkenik, ACNUR-en datuen arabera, munduko errefuxiatuen %86 herrialde pobretuetan dago, ez Europan. Gerratik ihesi irten diren 4,6 milioi siriar horietatik, 3,7 Turkian, Libanon eta Jordanian hartu dituzte. Europar Batasunak Libanok hartu dituen errefuxiatuen proportzio bera hartu beharko balu, 135 milioi pertsona hartu beharko lituzke; birkokatze-konpromisoa, ordea, 160.000 pertsonakoa izan zen eta prozesua oso motel burutzen ari da.

Transpirenaica Social y Solidaria

Zer egiten ari da Caritas han?

 

Espainiako Caritasetik adierazi digutenez, eskualdeko Caritas guztien ekintza humanitarioa alderdi hauetan zentratu da:
Siria eta Irak: Barne-desplazamenduak egin dituzten pertsonei arreta, elikagaiak, sendagaiak, babesa eta laguntza psikosoziala eskaintzea.
Libano: Siriako errefuxiatuei harrera eta elikadura ematea, osasun zein arlo psikosozialeko beharrei erantzutea.
Jordania eta Turkia: Irakeko errefuxiatuei harrera eta elikadura ematea, ostatu zein arlo psikosozialeko beharrei erantzutea.

Bestetik, Caritas Bulgaria, Kroazia, Grezia, Mazedonia, Serbia eta Eslovenia ere migratzaile eta errefuxiatuei laguntza humanitarioa ematen ari da.

Caritas Bulgaria: adingabe eta helduentzako arropa eta oinetakoak, esne ontziratua eta haurrentzako pureak, higienerako materiala.
Caritas Kroaziak larrialdi-proiektua jarri zuen martxan, egunean 2.500 errefuxiatu eta migratzaileri laguntza emateko; elikagaiak, negurako artikuluak (arropa eta berotzeko materiala), azpiegiturak eta osasun zerbitzuak (ur instalazioak, komunak…).
Caritas Grezia errefuxiatu eta migratzaileen krisiari erantzuten hari da, horretarako, elikagaiak (paketeak eta errazioak) eta bestelakoak (lo-zakuak, koltxonetak…) eskaintzen ari da Lesbos eta Chios irletan. Gainera, haurrentzako 2.000 kit banatu dira.
Caritas Mazedoniak elikagai-paketeak banatzean zentratu du bere erantzuna, baina osasun paketeak eta negurako jantziak banatzen ere hasi da, baita higiene pertsonalerako kit-ak ematen ere, haurrentzako bereziki, 90.000 bat pertsonarengana heldu ahal izateko asmoz.
Caritas Serbia elikagai-paketeak (50.000 inguru gaur arte), emakumeentzako higiene-paketeak (13.000) eta ume zein haurtxoentzako higiene-paketeak (4.500) banatzean zentratu da .
• Caritas Esloveniak elikagaiak, ura, higiene-paketeak, mantak eta arropa banatu ditu harrera eta abegi zentroetan boluntarioen bitartez.

Transpirenaica Social y Solidaria

Zer egiten ari da Caritas hemen?

 

1. Informazioa: Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen egoerari buruzko informazio-beharrari erantzuna ematen ari zaio irailetik, asilo-eskubideari buruzko terminologia jasotzen duen dokumentu bat sortuz eta Caritas Internationalis-en txostenak hedatuz Ezagutarazte Sailaren bitartez (jatorri-herrialdeetako egoera eta EBaren ekialdeko mugaren egoera).
2. Elkartasuna/Boluntariotza: Pertsona horien arretarako Caritas Bizkaiak jaso dituen boluntariotza eta etxebizitza eskaintzak erregistratu egin dira. Arropa eta elikagaien dohaintza ohiko bideetatik kudeatu da (Koopera…). Deitu duten pertsonei jakinarazi diegu Caritas ez dagoela nazioarteko babes eske estatura heltzen diren pertsonen hasierako harreran, harrera hori gobernu zentralaren eskumena delako, beste hiru erakunderekin batera: CEAR, ACCEM eta Gurutze Gorria.
3. Eguzkilore fundazioaren bitartez, 15 etxebizitzetan 90 leku eskaini zaizkie euskal erakundeei eta nazioarteko babes eskatzaileen harreraz arduratzen diren erakundeei.
4. Asilo estatutua duten edo nazioarteko babesa eskatu duten 74 pertsonarentzako laguntza eta arreta. EBko ekialdeko mugan sortutako krisia hasi aurretik bazeuden Euskadin. Arlo hauetan ari zaie arreta ematen batez ere: Familia eta Haurtzaroa, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Etxegabekoak (oinarrizko beharrak estaltzeko laguntza, bide-laguntza eta trebetasun sozialetan prestakuntza eta babesa, topalekuak erraztea.…). .
5. Sentsibilizazioa, Argi Ibili estrategiaren bitartez, pertsona horien egoera nabarmenduz eta kategoria bi sortzeko akatsa ez egitearen garrantzia azpimarratuz: errefuxiatu eta migratzaile kategoriak bereizteak are gehiago estigmatizatzen ditu azken horiek eta euren eskubideen ukapena zilegiarazten du.
6. Koordinazioa herri administrazioekin (erkidego, foru edo tokian tokikoak) eta gizarte erakundeekin, gure erkidegora heltzen diren eta hemen dauden errefuxiatuei erantzun egokia eskaini ahal izateko.

Caritas Bizkaiaren jarrera

 

Caritasetik uste dugu ezinbestekoa dela jatorri-herrialdeen egoerari buruzko egiazko informazioa bilatzea eta, horretarako, iturri ezberdinak baliatzea (nazioarteko organismoak, bertan lanean dauden GKEak, komunikabideak…), gertatzen ari denaren gainean ikuspegi ahalik eta inpartzialena eduki ahal izateko.
Gainera, uste osoa dugu ezin ditugula pertsonen kategoriak sortu, akatsa baita; migratzaile ekonomikoak, errefuxiatuak… pertsona guzti-guztiek dutelako bizi-baldintza duinak bilatzeko eskubidea, nahiz eta edozein arrazoirengatik dela ere euren herrialdean eskuratu ezin dituzten.
Migratzaile eta errefuxiatuen gaitzespena eta horien eskubideen ukazioa justifikatzen dituzten beldur-mezuen aurrean, abegi eta harrerazko jarrera hartu behar dugu gerra edo giza-eskubideen urraketa egoerak dituzten herrialdeetatik datozen pertsonenganako. Elkarbizitzaren ateak ireki behar ditugu beldurrik gabe, diskriminaziorik gabe, eta gure bizilagunekin topalekuak sortu behar ditugu, jatorria edozein dutela ere.
Gure erakundean “Argi Ibili, No te Encalles” Estrategia garatzen dihardugu, migratzaileen inguruan diren estereotipo, zurrumurru eta aurreiritziak suntsitzeko asmoz. Horren bitartez, guztiok parte hartu eta pertsona horien egoera sakon ezagutu dezakegu, gizarte osoaren sentsibilizazioa ahalbidetzeko.
Ez dugu ahaztu behar guztiek osatzen dugula gizartea, gure erkidegoko kide aktibo bilakatuta. Horregatik, gure eskubideak (gizartearen parte garen pertsona guztionak) urratzen direnean, mobilizatu beharrean aurkitzen gara, urraketa hori salatu egin behar baitugu.

Bukatzeko, Frantzisko Aita Santuaren hitzak geure egin nahi ditugu, Pertsona Migratzaile eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguneko mezua baliatuta.

 

“Garai honetan, migrazio-fluxuak etengabe handitzen ari dira mundu osoan: errefuxiatuek eta euren aberritik ihesi doazen pertsonek kolektibo guztiei galdegiten diete, bizitzeko modu tradizionalari erronka eginda eta, batzuetan, aurrean duten etorkizun kultural eta soziala nahasita. Gero eta maizago, indarkeria eta pobreziaren biktimek euren jaioterriak atzean uzten dituzte, pertsonen trafikatzaileen laidoa sufritzen dute etorkizun hobearen bila egiten duten bidaian. Horren ondoren, jazarpen eta ezbeharretatik onik irteten badira, susmo eta beldurrez betetako errealitateari aurre egin behar izaten diote. Gainera, ohiko izaten da arauen argitasun falta eta gauzatze zaila, ez baita egoten abegia arautu eta epe labur eta luzerako integrazioa aurreikusten duen araudirik, guztien eskubide eta betebeharrak kontuan hartzen dituenik. Iragan denboretan baino gehiago, kontzientziak pizten ditu gaur miserikordiaren Ebanjelioak, bestearen sufrimendura ohitzea saihesten du eta erantzuteko bideak erakusten ditu; fedearen, itxaropenaren eta karitatearen bertute teologaletan bat eginda eta errukizko obra espiritual eta korporaletan azalduta”.

 

 

Txosten osoa eskuragarri, Caritasen Nazioarteko Kooperazio eta Migrazio Sailari eskatuta (murbieta@caritasbi.org; cgonzalo@caritasbi.org; scuesta@caritasbi.org)

 

 

Leave A Comment