Gaztelania | Euskera

Enplegu inklusiboaren inguruko Caritas Bizkaiaren kanpaina

Martxoaren 6an eta 7an Caritas Bizkaiaren kanpaina garatuko dugu, “Erdu – Te invito” lelopean: Enplegu duin, sortzaile, parte-hartzaile eta solidarioaren aldeko komunitate abegitsua. Kanpaina hau enplegu inklusiboan zentratzen da; izan ere, komunitate abegitsu eta senidetasunaren izenean, pertsonen prozesu eta gertakarietan bide-laguntza emateko gai den komunitatea izan nahi dugu, inklusioa sustatuz, bakoitzaren gaitasunei eta autonomiari dagokienez.

Gaixotasun eta ziurgabetasun testuinguru batean gaude, eta ondorio sozioekonomikoak nabaritzen ari gara. Betiko moduan, berdintasun ezaren logikaren arabera zabaltzen ari dira. Ondorioek gogorrago eragingo diete babesgabetasun edota bazterkeria egoeran dauden familia, pertsona eta talde sozialei, eta luzeago iraungo dute. Baliteke kroniko bihurtzea ere.
Enplegurik eza eta lan-prekarietatea hedatu egin dira krisi honetan, izan ere, krisi guztietan legez, planeta zein pertsonak pobretu eta esplotatzearen bidez gailendu den eredu ekonomikoaren ondorioak larriagotu egin dira.

San Juan Pablo IIak esan zuen lana pertsonen inguruan garatzen dela, eta “elkartruke, harreman eta topaketarako aukerak” eskaintzen dituela. Denon ongizatea eta pertsonen inklusioa sustatzearen eta inor kanpoan ez uztearen aldeko adierazpenak dira.
Zailtasunak zailtasun, Caritas Bizkaiak enplegu arloan lanean jarraitzen du, pertsona babesgabeenei arreta eta bide-laguntza soziolaborala emanez, eta enplegu duina giza eskubide gisa planteatzen duen eredu sozial baten defentsan. Horrela izanik, Caritas Bizkaiak Ekonomia Solidarioa sustatzen du, hainbat enpresaren bidez.

Kanpaina ezagutu, enplegu inklusiboaren inguruko hausnarketa egin eta Caritasek babesten dituen enpresa sozial eta solidarioen bidez ekitera animatu nahi zaitugu. Oraingo honetan, kanpaina ADISKIDE ETA SENIDE/COMUNIDADES ACOGEDORAS proposamenaren barruan kokatzen da. Karitate eta Justizia, Iragarpen eta Katekesi, Misioak eta Caritas ordezkaritzen bidez, ekimen hori sustatu da Garizumarako, Elizbarrutiaren baitan.

KANPAINA

Leave A Comment