Gaztelania | Euskera

Emakume gazteentzako prestakuntza-eskola (Kongoko E. D.)

2016.urteaz geroztik, Loiolako San Inazio parrokiak eta Portugaleteko Udalak, Caritas Bizkaiarekin batera, laguntza eskaini dute adingabeak ardurapean dituzten emakume gazteentzako prestakuntza-eskola abian jartzen, egoera latza bizi duen Lukala hiriko 7. auzoan (Kongoko Errepublika Demokratikoa).

Portugaleteko Caritaseko lankidetza taldea izan zen ekimen horren buru hasiera-hasieratik, eta haren eginkizuna izan da, besteak beste, sentsibilizatzea eta ezagutaraztea herrialde anaien arteko desberdintasunaren errealitatea. Portugaleteko boluntario, kristau-elkarte, katekesi-talde eta kristau-komunitateko eragile bakoitzak ipini zuen bere aletxoa proiektu hori errealitate bilakatzeko.

Fasez fase, lau areto eraiki eta egokitu dira hainbat alorretako trebakuntza jasotzeko, besteak beste, alfabetatzea, eskubideak, agronomia eta jantzigintza, eta oinarrizko ekipamenduaz, arreta-bulegoaz eta saneamenduko ekipamenduaz hornitu dira.

Kongoko Errepublika Demokratikoko emakumeek diskriminazio-egoera berezia bizi dute hezkuntza eskuratu ahal izateko, eta indarkeriaren biktima dira. Horrek ondorio latzak ditu haien osasun psikologikoan, sexualean, emozionalean eta fisikoan. Alabaina, subjektu eskubidedun ere badira, eta, proiektu horri esker, 50 ama gazte ahalduntzeko aukera ematen da, trebakuntzaren eta lanbide-heziketaren bidez. Laura Amaren Ahizpa Misiolariak dira proiektuaren buru, eta haiexek bermatzen dute helburu horiek lortzea.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Portugaleteko Udalari eta, bereziki, Tito Alonso zena (goian bego) eta Maite García buru izan dituen Portugaleteko lankidetza-taldeari, egundoko konpromisoz piztu baitute sentsibilizazioa herrialde anaietan egoera ahulenean dauden pertsonen eta kolektiboen eskubideak sustatzeko erantzukizunaren inguruan.

«Emakumea emailea eta bake-bitartekaria da, eta erabat kontuan hartu behar dira erabakiak hartzeko prozesuetan. Izan ere, emakumeek mundu zabalean beren dohainak zabaltzen dituztenean, elkartasun- eta bake-giro handiagoa arnasten da. Horrenbestez, emakumearen lorpena gizateria guztiaren lorpena da». Frantzisko aita santua, Bakearen Munduko Jardunaldiko homilia. 2020.

Leave A Comment