Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

Eguzkilore Fundazioa

Presentación EguzkiloreZaurgarritasun egoeran dauden pertsona eta familien etxebizitza aukera sustatu eta bultzatzeko

Cáritasek “Eguzkilore Fundazioa” aurkeztu du gaur, “Bizitza duinerako etxebizitza egokia” gaiari buruzko jardunaldian

Bilbo, 2015eko urtarrilaren 16an.- Gaur ‘Eguzkilore Fundazioa’ aurkeztu da Deustuko Unibertsitateko IIBZan. Cáritas Bizkaiak sustatu du Eguzkilore Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Cáritasen laguntzaz. Ekimen bateratuak karitatezko erakundeen etxebizitza sozialak kudeatzea du helburu, erakunde publiko zein pribatu ezberdinekin sinatutako hitzarmenen bitartez garatuta.

Eguzkilore Fundazioak 2014 urtean hasi zuen bere lana, Bilboko Elizbarrutiko Cáritasek sustatuta. Fundazioaren helburu nagusia da gizarte zaurgarritasun egoera berezian dauden familiei etxebizitza duin eta egokia eskaintzea, gizarte inklusiorako prozesuekin aurrera egite aldera.

Eliza Katolikoak, partikularrek eta zenbait erakunde publikok lagatako 80 etxebizitzako parke bat aktibatu da 2014 urtean. Etxebizitza horietatik, 54 funtzionatzen hasi dira dagoeneko eta beste 26 eraberritze-lanetan murgilduta daude, ekipamendu edo bestelakoen zain. 2015eko lehenengo lauhilekoan egongo dira behar dituzten pertsonen esku.

Ekintza-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzen da. Hartara, proiektua garatzeko aliantzak sortuz goaz zenbait gizarte erakunde eta erakunde publikorekin eta, bereziki, gure aliatu estrategikoarekin, hau da, Cáritasekin.

Gaur goizeko aurkezpenean Carlos Bargosek, Bizkaiko Cáritaseko Zuzendari eta Fundazio berriko Presidenteak, adierazi duenez, “Cáritasek laguntza jasotzen duten eta arrisku edo gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsona eta familiek etxebizitza duin eta egokia eduki eta mantentzeko aukera beti egon da gure ekintza-esparruan. Horrela, 2013an hausnarketa egin ondoren, ekintza esanguratsu bat burutzeko beharra antzeman genuen, esparru horretako kudeaketa eta esku-hartzean aurrera pauso bat egiteko. Orain, hausnarketa horren fruitu gisa aurkezten dugu Fundazio berria, Cáritasek gai horretan duen ezagutza jaso eta sustatzen duena”.

Óscar Seco Fundazioko Zuzendariak azaldutakoaren arabera, “Eguzkilore Fundazioaren apustu nagusia da etxebizitza duina izateko eskubidea finkatzea eta etxeak izan behar duen funtzio soziala garatzea. Etxebizitza inbertsio-ondasun gisa ulertzeari utzita, pertsonen oinarrizko beharrak (etxebizitza, besteak beste) ase behar direla uste dugu Fundazioan. Lotura estua dago etxebizitza eta gizarte bazterkeria zein txirotasunaren artean, eta, ondorioz, laguntza-prozesuak gizartean barne hartzeko tresna garrantzitsuak direlakoan gaude Eguzkilore Fundaziokook”.

Secok gaineratu du Eguzkilore Fundazioak “aktiboki parte hartzen duela etxebizitza eskuratzeko aukera hobetuko duten politika berrien azterketan, eta Euskadin egun diren etxebizitza hutsak proiektuan barne hartzeko modu eta alternatibak bilatzen dituela”. “Beste erakunde eta elkarteekiko lankidetza eta sinergiak garrantzitsuak direla uste dugu, esku-hartze sozialean sakontzeko tresna baliagarriak direla. Horretarako, bizitegi baliabideak eskaini behar dira (behin-behinekoak zein egonkorrak), gehiegizko zorren edo baliabide gabeziaren ondorioz etxebizitzak mantentzeko zailtasunak dituzten familiei arreta eskaini behar zaie, eta etxebizitza arloan sentsibilizazioa eta salaketa sustatu behar dira”. Horiek izan dira Eguzkilore Fundazioko Zuzendariaren azken hitzak.

JARDUNALDIA DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO IIBZan:

Eguzkilore Fundazioaren aurkezpena jardunaldi ireki batean burutu da Deustuko Unibertsitateko IIBZan. Inaugurazioa Iñigo Pombo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken Sailburuordearen esku egon da eta nabarmentzekoa da etxebizitza (bereziki, etxebizitza soziala) zein gizarte bazterkeria arloetako espezialisten parte-hartzea, hala nola: Juan Laón Paniagua (arkitektoa), Jon Leonardo (Soziologian Katedraduna), Xavier Mauri (Taula del Tercer Sector de Catalunya), Pau Pérez Acha (Fundació Foment del Habitatge Social, Bartzelona), Javier Burón (Urbania ZH gestión), Alfonso López (EAPN Euskadiko Koordinatzailea) eta Santos Gil (Cáritas Euskadiko Presidentea).

Leave A Comment