Gaztelania | Euskera

Diru-Zorro txartelaren aldeko apustua

Elikaduraren Munduko Egunaren harira, Caritas Bizkaia elkarteak Diru-zorro txartelaren aldeko apustua indartu du, bide-laguntza jasotzen duten familiek oinarrizko kontsumorako produktuak eskura ditzaten.

CARITAS BIZKAIA, EROSKI eta LABORAL KUTXA erakundeek 2009an abiatutako lankidetza hitzarmena berriztatu dute. Horri esker, urteotan 13.041 pertsonak (% 59 emakumeak) izan dute aukera oinarrizko kontsumorako produktuak eskuratzeko. Gaur egun DIRU-ZORRO TXARTELAREN sistema erabiltzen dugu, produktu horiek era “normalizatu” batean lortu ahal izateko.
Horrela, berrikuntza soziala baliatuz, elkarlanarekin eta gizartearekin duten konpromisoa indartu dute berriz ere, diru-zorro txartelen sistema berriaren bidez. Duela hamar urte baino gehiago martxan jarri zen proiektua berritu dute, eta horri esker asetzen dituzte Caritas Bizkaiak artatzen dituen gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsona eta familien beharrak.
•Diru-zorro txartelen bidez, oinarrizko beharrizanak estaltzen dira, pertsonen duintasuna eta erosketa aukeratzeko eskubidea bermatuz, betiere, bide-laguntza prozesuaren barruan.
•2009tik, 13.041 onuradun izan ditu ekimen honek, % 59a emakumeak.
• Proiektuari hasieratik esleitutako zenbateko ekonomikoa 2.200.000 eurokoa da. Horren xedea zailtasun egoeran dauden familiei oinarrizko kontsumorako produktuak eskuratzen laguntzea izan da.
• EROSKIK eta LABORAL KUTXAK elkartasun ekintza honetarako azpiegitura jartzen dute eta, gainera, diru-ekarpen osagarria egiten dute, Caritas BIZKAIARENAZ gain.
• CARITAS BIZKAIAK, bere aldetik, harreran bere «bide-laguntza integralaren” ereduari jarraiki artatzen dituen familien artean banatuko du. Baliabide hori, egoerarik zailenetan dauden familientzako ohiko oinarrizko beharrak asetzeko laguntzei gehituko zaie.
•Diru-zorro txartelak baliagarriak dira Bizkaiko edozein EROSKI establezimendutan.

CARITAS BIZKAIAK, EROSKIK eta LABORAL KUTXAK berriro lagunduko diete gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden eta oinarrizko beharrizanetarako baliabiderik ez duten pertsonei. Xede horrekin, 2009an sinatutako lankidetza hitzarmena berriztatu dute gaur. Hitzarmen horren arabera, “diru-zorro txartelak” banatuko zaizkie Caritas Bizkaiaren Harreretan arreta ematen zaien pertsonei, betiere, baldintza batzuk betetzen badituzte. Txartel horiek EROSKI kooperatibaren Bizkaiko edozein saltokitan trukatu ahal izango dituzte.
Diru-zorro txartelak izendunak dira eta sei hilabete eta urtebete bitarteko indarraldia izango dute. Familia bakoitzari emandako laguntzak –familiako kideen eta egoeraren arabera- hilean 80 eurotik 130era bitartekoak dira. Caritas Bizkaiak baloratuko du familia bakoitzaren egoera, baldintzak betetzen ote dituen jakiteko eta -betetzen baditu- laguntzaren zenbatekoa zehazteko.
Txartelak elikadura eta higiene arloko oinarrizko beharrizanetarako produktuak erosteko soilik izango dira; gainerako produktu guztiak, beraz, salbuetsita daude.

Honakoek sinatu dute hitzarmenaren berriztatzea:
ALEJANDRO MARTÍNEZ BERRIOCHOA, Eroskiko Osasun eta Ingurumen saileko Zuzendaria.
JOSÉ RAMÓN TARANCO, Laboral Kutxako Bizkaiko Gizarte Ekintzako burua.
CARLOS BARGOS CUCÓ, Caritas Bizkaiako Zuzendaria.

 

 

Leave A Comment