Gaztelania | Euskera

COVID-19AREN AURKAKO TXERTOAK. INOR ATZEAN EZ GERATZEKO

Caritas Bizkaiak bat egin du Caritas Internationalis erakundeak egindako adierazpenarekin. Horren bidez, inor txertorik gabe ez geratzeko neurri urgenteak eskatu dira. 

 Erakundeko Presidentea den Tagle kardenalak eta Giza Garapen Integralerako Zerbitzuko Prefektua den Turkson kardenalak sinatu dute oharra.

Caritas Internationalis erakundeak, komunikatu baten bidez, eskatu du Covid-19aren aurkako txertoak eskuratzeko prozesuan inor atzean ez uzteko neurriak berehala hartzeko, bereziki, egoera babesgabeenean dauden Hegoaldeko herrialdeei dagokienez. Hauxe da testua:

COVID-19AREN AURKAKO TXERTOA ESKURATZEKO NEURRI URGENTEAK. INOR EZ DADILA ATZEAN GERATU

Pasa den urtetik, gizateria osoa beldurrez eta ziurgabetasunez bizi da COVID-19aren zabalkundea dela eta, eta gizakion babesgabetasuna eta ahultasuna oso agerian geratu dira. Koronabirusaren zabalkundearen aurka egiteko, pertsona guztiok egoera berezi honetara egokitzen saiatu gara, konfinamendua eta distantzia soziala aplikatuz, eta teknologia digitalaren erabilera masiboaren bidez. Frantzisko Aita Santuak baieztatu du koronabirusak elkartu egin gaituela, nolabait, eta elkartasuna dela pandemia hau gainditzeko gakoa.

Aurten, txertoak badaude eskura, eta horrek itxaropenez bete gaitu, baina berdintasun eza ere agerian utzi du beste behin. Txerto horietan dirua inbertitu zuten Iparralde globaleko nazioek inbertsioaren itzulkina espero dute orain. Txertoen “mirariak” mundu mailako makineria berraktibatuko duela uste dute. Horrek Iparraldean zentratzera eraman ditu, eta nazionalismo eta protekzionismo moduko batean erori dira. Hegoalde globala, jende pobre gehiena bizi den lekua, alde batera geratu da.

Frantzisko Aita Santuak jendea txertoa hartzera animatu du, hurkoarekiko ardura erakutsi eta denon ongizatea bermatzeko modua baita. Honako beharrizanak azpimarratu ditu: “Denontzako txertoak, bereziki munduan beharrizan handienak dituztenentzat eta babesgabeenentzat. Babesgabe eta behartsuei lehentasuna eman!”. Momentu garrantzitsua da honakoa, karitatearen miraria bizitzeko aukera, elkarrekin erronka honi helduz.

Txertoa lortzeko aukerak ez dira berdinak mundu osoan. Tristea da ohartzea nazio batzuetan, nahi edo behar dutenek ere ez dutela txertoa eskuratzeko aukerarik. Aldiz, gure mundu interkonektatuan, txertoen banaketa bidezkoa egin behar da.

Bizitza oro izan behar da kontuan, beraz, ezin dugu inor atzean utzi. Pobreak, gutxiengoak, errefuxiatuak eta marjinatuak dira birusaren mehatxu handiena dutenak. Haiek zaintzea da gure lehentasun morala. Abandonatu egiten baditugu, arriskuan jarriko ditugu haiek eta mundu-komunitate osoa. Gure ongizate kolektiboa babesgabeenak zaintzeko moduaren araberakoa izango da.

Mundu mailako larrialdi egoera bat bizi dugu, eta lider politikoek beren nazio propioen interesetatik harago begiratzen jakin beharko lukete. Pandemia hau mundu mailako giza segurtasun arazoa da, eta denok gaude mehatxupean. Txertoen afera ikuspegi nazional mugatu batetik kudeatzeak porrota ekar lezake, moralki, munduko pertsona babesgabeenen beharrizanak ez baitira estaliko.

Txertoen egungo krisia mundu mailako osasun krisi baten barruan kokatzen da. Gutxien garatutako nazioetako askok ez daukate txertoak biltegiratzeko baliabide eta azpiegitura nahikorik. Gainera, urrun dauden landa eremuetako pertsonak ez daude hain sentsibilizatuta gaiarekin, eta ohikoak izaten jarraitzen duten beste gaixotasun infekzioso batzuen mende ere badaude.

Testuinguru horretan, nazioarteko komunitateak ikuspegi holistikoa hartu behar du, interesdun guztiekin, Hegoalde globalean pandemiak gainezka ez egiteko, eta berriz ere mundu mailako krisirik ez eragiteko.

Diru-sarrera baxuak dituzten herrialdeen zorra errebisatu egin behar da. Zorra barkatzea interesdunentzako fondoak sortzeko modua izan liteke, bereziki, erakunde konfesionalak, herrialde horietako instalazio eta zerbitzu medikoak hobetzeko helburuarekin. Herrialde pobre baten zorra ordaintzera bideratutako dirua osasun-segurtasuna sendotzera bideratu liteke.

Txertoen patentearen gaiari ere heldu behar zaio berehala, Afrikan, Latinoamerikan eta Asian lokalizatutako produkzioa identifikatzeko eta txertoak eskuratzeko aukerak izateko asmoz, berandu baino lehen. Garrantzitsua da tokiko eragileak horretan aritzea, bereziki erakunde erlijiosoak, oinarrizko azpiegiturak eta kontaktuak dituztelako pertsona babesgabeenekin, migratzaileekin eta marjinatuekin.

Giza Garapen Integralerako Zerbitzurako Dikasterioak egindako oharren ildotik (“Denontzako Txertoak: Mundu osasuntsu eta bidezkoagoa lortzeko 20 puntu” izeneko dokumentuan), Caritas Internationalis erakundeak Nazio Batuei eta erabakiak hartzeko ardura dutenei honakoak eskatu dizkie:

  • NBEren Segurtasun Batzordearen bilera egiteko, txertoak eskuratzeko prozesuen gaia lantzeko, mundu mailako segurtasun arazoa den neurrian, eta alde anitzeko erabaki politikoak hartzeko;
  • Herrialde pobreenen zorra barkatzeko, ahalik eta arinen, lortutako fondoekin herrialde horietako osasun sistemak hobetzeko asmoz.
  • Tokiko txertoaren produkzioaren sustapena Afrika, Latinoamerika eta Asiako hainbat zentro teknikotan, hurrengo sei hilabeteetan jendearen eskura jartzeko, patenteen gaia eta nazio pobreenekiko lankidetza teknikoa lantzeko.
  • Gizarte zibileko tokiko erakundeei finantza arloko laguntza eta laguntza teknikoa ematea, bereziki erakunde erlijiosoei, sentsibilizazio eta gaikuntzaren bidez tokiko komunitateak prestatzeko, prebentzio-arreta jasotzeko prest egon daitezen.

Luis Antonio Tagle kardenala,
Caritas Internationalis erakundeko Presidentea

Peter Kodwo Appiah Turkson kardenala,
Giza Garapen Integralerako Zerbitzurako Dikasterioko Prefektua

Aloysius John,
Caritas Internationalis erakundeko Idazkari Nagusia

Leave A Comment