Gaztelania | Euskera

Caritas Bizkaiako kanpaina

Gaur, Karitatearen Astearen barruan, kanpaina instituzionala ospatzeko eguna da. Caritas Bizkaiak lan boluntarioa, doakotasuna eta konpromisoa nabarmendu nahi izan ditu, eta errealitatearen inguruan daukagun pertzepzioak hura eraldatzeko orduan nola eragiten digun. Azken hiletan, errealitate hori errotik aldatu zaigu, koronabirusaren pandemiagatik. Horren ondorioz, pertsona askok pauso bat aurrera eman dute eta beharrizan handiena dutenen alde lan egiteko prest azaldu dira. Boluntariotza ekimen horiek guztiek erakutsi digute elkartasuna beti dagoela zabalik. Oraindik ere, bakoitzak bere ekarpena egitera animatu nahi dugu jende guztia. Elkarrengana gerturatu eta partaide izatera.
Caritas Bizkaian boluntarioen gaitasun eta ahalmenean sinisten dugu, baina argi daukagu aurrean ditugun erronkei ezin zaiela bakarka heldu, ezta alde bakarretik ere. Elkartu egin behar dugu, bizi-egoera ezberdinak eta pertsonentzako aukera berriak marraztu, eta geure zauriak sendatzeko eremu partekatuak sortu.
Hori dela eta, Caritas Bizkaiaren kanpaina honek karitatearen aktibista izatera gonbidatu nahi zaitu, hau da, parte-hartzaile izatera, bizitzarekiko maitasuna eta ahultasun egoeran dauden pertsonekiko konpromisoa islatzen duten keinu xumeak burutzera; naturaren alde lan egitera; duintasuna eta justizia defendatzera, pertsona guztiok eskubide berdinak izan ditzagun.
Aktibista izatea, azken finean, bizitza elkartasun eta gizatasunez bizitzea da, eta bizitza Jesusen estiloan bizitzea: Pertsona babesgabeenen alde lan eginez.
Igande honetan, “zailtasunei aurre egiteko elkartzen diren eta besteen zerbitzura jartzen diren” pertsona horien guztiak maitasuna eta ekimena ospatu nahi dugu. Horiei esker, komunitate abegitsuak sortzen dira.
Sartu kanpainaren web orrian, materialak ikusteko. KLIKATU HEMEN

Leave A Comment