Gaztelania | Euskera

Caritas Bizkaiak eskerrak eman nahi ditu

Caritas Bizkaiak eskerrak eman nahi ditu pandemia urte honetan jasotako elkartasunagatik. 2021ean egungo krisiari aurre egiten jarraitzeko larrialdi sozialeko Fondo bat hornitzeko deia egin du.

Urtea beteko da Covid-19aren ondoriozko alarma-egoera ezarri zenetik. Hori dela eta, Caritas Bizkaiak lurraldeko gizarteari eskerrak eman nahi dizkio, pandemiak eragindako krisiaren ondorio larriei erantzuna ematen laguntzeagatik.

Gainera, koronabirusa Bizkaiko gizartean eragiten ari den galerengatik sentitzen dugun mina adierazi nahi dugu, izan ere, Caritas Bizkaiaren familia eta oinarriak osatzen ditugunon artean ere galerak jasan ditugu.

Krisiak familien artean eragindako eta larriagotutako babesgabetasun egoerei aurre egiteko Caritas Bizkaiak bide-laguntza pertsonalizatuaren jarraipena bermatu du, prebentzio eta segurtasun neurriak txertatuz, eta, konfinamendu asteetan, telefono eta bide digitalen bidez bermatu du laguntza hori; adingabe eta familiekin, edadetuekin; elikaduraren eskubidea duintzeko lanean aurrera egin dugu, txartel solidarioen erabilera bermatuz; eta etxeetan bertan ere laguntza eman dugu.

Pandemiaren hasieratik, Caritas Bizkaiak bere bide-laguntza emateko modua berrasmatu behar izan du. Pandemiaren ondorioz, telefono eta aplikazio digitalen bidezko arreta biderkatu egin zen, eskola-laguntza eta prestakuntza emateko, edota jendearen beharrizanak entzuteko. Era berean, laguntza ekonomikoak bideratzeko baliabide teknologikoak ere erabili ziren.  Nazioarteko laguntza proiektuetan ere beharrizan berriak sortu ziren, eta ildo hori ere sendotu zen.

 

Elkartasuna barra-barra

1.900 boluntario baino gehiago: 156 kide berri.

Caritas Bizkaiak eskerrak eman nahi dizkio 1.900 boluntario baino gehiagoko taldeari (% 81 emakumeak); izan ere, denbora honetan laguntza ematen jarraitu dute. Burutzen ziren egitekoetako batzuetan aldaketak egin behar izan dira, eta kide guztiak egoera berrira egokitu dira, beren onena ematen jarraitzeko. Batzuetan, egitekoak bertan behera utzi edota atzeratu egin behar izan dira. Beste kasu batzuetan, egiteko nagusia aldatu da, beste beharrizan urgenteago batzuei erantzuteko.

65 urtetik gorako boluntarioen ahalegina bereziki aipatu behar da, izan ere, birusaren eraginpeko arrisku-taldekoak izanik, funtsezko laguntza eman dute jendeari telefono bidezko arreta ematen, bakardade-egoerak arintzeko, eta konfinamendu-garaian laguntza-prozesuei jarraipena emateko.

Denbora horretan, pertsona askok eskaini duten beren burua boluntario-lanetan laguntzeko. Urtean zehar, 156 pertsonak egin dute bat Caritas Bizkaiako boluntarioekin. Errefortzu hori, beste gizarte-erakunde batzuekin eta Administrazio publikoekin egindako elkarlanaz gain, funtsezkoa izan da indarrak batu eta laguntza-lana antolatzeko.

Pandemiaren hilabete gogorrenetan handitu egin dira dohaintza pribatuak, ia milioi bat euro

Caritas Bizkaiak eskerrak eman nahi dizkie 403 erakunde eta enpresari eta 5.224 bazkide eta kolaboratzaileei, pandemiaren hasieratik egindako ahalegin solidarioagatik (8.176.000 euro).

Pandemiaren hilabete gogorrenetan soilik, dohaintza pribatuak pasaden urtean baino ia milioi bat gehiago izan dira (911.000 euro). Horrela izanik, bizitako pandemia egoeraren ezohiko beharrizanei aurre egin ahal izan zaie, eta Bizkaiko gizartearen ekintza solidarioa erakutsi da berriz ere.

 Pandemian jenerotan jasotako dohaintzen artean, babes-produktuak eta ekipamendu informatikoak egon dira. Pandemiaren hilabeterik gogorrenetan Caritasen ekintzaren berri zabalduz egindako lana ere eskertu nahi dugu

 

Caritas Bizkaiaren erantzuna

 Ezohiko erreakzio solidario horri esker, 2.000.000 euro gehigarri bideratu ahal izan dira beharrizan berriak estaltzeko. Horrela izanik, Caritas Bizkaiak garatutako 280 proiektu baino gehiagotan gehiago zentratu ahal izan dugu. Horietako asko egokitu eta berritu behar izan dira, eta antzemandako errealitate berriekin lanean jarraitu dugu.

Lankidetza publikoari esker lortu dugu. Horren bidez, pandemiak eragin handiena izan duen eremuetan lana sendotu ahal izan dugu.

 

 

Ikuspegi unibertsala: Inor atzean ez geratzeko laguntza

Pandemia hau mundu mailako giza segurtasun arazoa da, eta denok gaude mehatxupean.  Hori dela eta, Caritas Bizkaiak gogoan hartu nahi du zein garrantzitsua den elkartasun ekintzaren ikuspegi unibertsala mantentzea, txertaketa prozesuan eta krisia gainditzeko prozesuan inor atzean ez geratzeko.

Pandemiaren hasieran, Caritas Bizkaiak une honetan babesten ari den 12 lankidetza-proiektuekiko gertutasuna sendotu zuen. Herrialde hauetakoak dira: Peru, Ekuador, Libano, Serbia, Etiopia, Kongo, Haiti eta Indonesia. Pandemiaren ondorioz, beharrezko bihurtu zen Perun laguntza ekintza espezifikoak burutzea (Yurimaguas), baita Indonesian ere, prebentzio-neurrien inguruko prestakuntza eta osasun-materialaren banaketari dagokionez.

Pandemiak bazterkeria jasaten duten pertsonengan izandako eragina

 COVID-19 pandemia neurri handiagoan eragiten ari da pobrezia eta bazterkeria egoeran zeuden pertsonen kasuan. Horrek berdintasun eza areagotu du

Pandemia eragin handia izaten ari da Caritasen laguntza jasotzen duten familien artean.

Caritasen arreta jasotzen duten pertsonen erdiari baino gehiagori eragiten dien lan-prekarietate eta langabezia egoera; pobreziaren hedapena, bereziki pobrezia larriarena (etxeen % 17k ez dute diru-sarrerarik); etxebizitza mantentzeko zailtasun-egoerak larriagotzea (jendearen % 16 beste etxebizitza merkeago batera aldatu behar izan dira, eta errealitate hori areagotuz doa); arrakala digitalak aukerak murrizten dizkie adingabeei, eskola arloan, eta helduei online zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko aukerak ukatu; harreman-sareak ahuldu dira, isolamendu sozialak eta neke pandemikoak eragina dute osasun fisiko, psikologiko eta emozionalean (pertsonen % 40ri ziurgabetasunak psikologikoki eragin die). Horrek guztiak pandemia honek utzitako herentziarik gogorrena erakusten digu. Pertsona bereziki babesgabeenengan eragiten ari diren ondorioak dira, noski. Herentzia hori ezin dugu onartu.

Aurretik izandako krisien ondorioek argi utzi dute familia pobreenek eragin handiagoa jasaten dutela, baina ez hori bakarrik, krisiaren osteko susperraldia mantsoagoa izaten da pertsona horientzat.

Berdintasun eza are gehiago ez zabaltzeko, espazioaren izaera publikoa berreraiki eta berriz ere formulatu beharra dago

COVD-19aren ondorioz mundu mailan bizitako ziurgabetasun eta ahultasun esperientzia pertsonalak erakutsi digu zein garrantzitsua den Denon Ongizatearen ideian oinarrituta “publikotasunaren” espazioa berreraiki eta sendotzea.  Aginte publikoen ardurapean eta gizarte zibilaren parte-hartzearekin eraikitako espazio bat.

2021eko beharrizanei aurre egiteko 2.500.000 euroko larrialdi-fondoa

 Hori guztia dela eta, Caritas Bizkaiak 2.500.000 euroko ezohiko emergentzia fondo bat hornitzea proposatu du. Horren bidez, 2021ean pandemiaren ondorioz areagotu edo antzemandako beharrizanei aurre egin ahal izango zaie.

Fondoa hornitzeko, 2020an egindako ahalegin solidarioa mantentzeko deia egin nahi dugu, eta gogorarazi nahi dugu krisiaren ondorioak goraka joango direla Bizkaiko gizartean, izan ere, pertsonen baliabideak agortuz joan ahala hasiko dira azaleratzen, eta krisi ekonomikoaren ondorioek denboran jarraituko dute.

 

Prentsa Oharra Alarma egoeraren urteurrena Caritas Bizkaia

Eskertza Kartela

Konfinamenduaren Diarioaren esteka

 

Leave A Comment