Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

CARITAS: 2017ko TXOSTENA

Caritas Euskadi (aurkezpena):

  • Caritasen laguntza jasotzen duten pertsona eta familien KALTEBERATASUN ETA GIZARTE-BAZTERKERIA egoerak gero eta konplexuagoak dira, eta ERANTZUN SENDO ETA INTEGRALAGOAK behar dituzte. Hain zuzen, Euskadiko Caritasek (Donostiako, Gasteizko eta Bilboko elizbarrutietakoak) 2017an emandako diru-laguntzak inoiz baino handiagoak izan dira. Guztira 5,36 milioi euro baino gehiago eman dituzte, duela 10 urte (2007) baino % 77 gehiago.
  • Biztanleriaren zati bat POBREZIA ETA KALTEBERATASUN SOZIALEKO ESPIRAL batean harrapatuta geratzen ari da, eta oso zaila da bertatik ateratzea.
  • Prozesu horretan guztian funtsezkoa da gizarte-bazterkeriako egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsona eta familiei laguntzea, eta hala egiten dute Donostiako, Gasteizko eta Bilboko Elizbarrutiko Caritaseko agenteek. Kontratatutako langileez gain, LAU MILA BOLUNTARIO (3.858) aritzen dira beren denbora eta ezagutzak partekatzen, datorren asteburuko kanpainak aipatzen duen ideia abiapuntu hartuta: “ZURE AHALEGINA, DENON ATSEGINA – TU COMPROMISO MEJORA EL MUNDO”.
PRENTSA OHARRA OSOA: NdeP EUSK CaritasEuskadi CaritasBizkaia Memoria2017 30mayo2018 def

 IKUSI BIDEO LABURPENA (2’12”)

 

Caritas Bizkaia Txostena 2017:  [IKUSI TXOSTEN OSOA HEMEN]

2017an Caritasek gizarte-bazterkeria egoeran zeuden 10.931 pertsona eta familiari eman die arreta (ia %4ko igoera 2016arekiko). Horietatik %56 emakumeak izan dira eta %44 gizonak, aurreko urteko portzentaje berdintsuak. Hala ere, datu batzuk nabarmenduko genituzke: 2017ko 4.266 alta berrien artean, %52 gizonak dira. Aldiz, Caritasen laguntza jasotzen 5 urte edo gehiago daramaten pertsonen ia bi heren emakumeak dira. Jatorriari dagokionez, lagundutako pertsonen ia erdia bertakoak izan dira (%48). Aurreko urteetako datua oso antzekoa zen, %50eko proportzioan ematen zen banaketa, gutxi gora behera.

2017an, Caritas Bizkaiaren programa desberdinei dagokienez, harreretan eman zen zerbitzua batez ere (Oinarrizko Gizarte Ekintza). Hori da Caritasen sarera sartzeko biderik ohikoena (4.791 pertsona).  Zerrendan hurrengo doazenak honakoak dira: “Familia, Haurtzaro eta Gizarteratze” arloa, 2.836 pertsonari emandako laguntzarekin; “Bazterkeria Larria” (Etxerik gabeko pertsonak eta Adikzioetakoak barne hartzen dituena), 2.199 pertsonarekin; eta “Enplegua eta Ekonomia solidarioa”, 1.566 pertsonarekin. Hala ere, beste arlo batzuk ere nabarmendu behar dira, bolumen txikiagokoak baina laguntza-intentsitate handikoak, hala nola Edadetuak, Zerbitzu Psikologiko eta Juridikoa etab.

Caritas Bizkaiak honako sei aspektu nagusi nabarmendu nahi ditu, 2017ko lanaren barruan:

  • POBREZIA: “Pobreziak familietan errotuta jarraitzen du, heredatu egiten da eta gazte eta adingabeak babesgabetasun egoeran uzten ditu, orain eta etorkizunera begira”.
  • BAKARDADEA: “Laguntza eta harreman sarerik ez izatea eta bakardade sentimendua dira gizarte-bazterkeria eta babesgabetasunaren ezaugarrietako batzuk”.
  • ENPLEGUA: “Enplegu bat izateak dagoeneko ez du bizimodu duina izateko aukera bermatzen”.
  • INKLUSIOA: “Gaur egun pertsona gehiago daude bazterkeria egoeran edo arriskuan, gizarteari ekarpena egin ahal izateko aukeren beharrarekin”.
  • ETXEBIZITZA: “Etxebizitza da familien kezka nagusietako bat. Zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat lortu eta hori mantentzeko gastuei aurre egiteko. Kolektibo batzuentzat are zailagoa da (etorkinak eta etxerik gabeko pertsonak, batez ere)”.
  • GIZARTE IREKIA: “Gizakiak derrigorrez lekuz aldatu behar izatea drama handi bat da, jendeak bere jaioterria eta etxea atzean utzi behar dituelako. Elkartasun eta elkarbizitzaren aldetik erronka handi bat pertsona horiei harrera egiten dieten gizarteentzako”.

1.- POBREZIA: “Pobreziak familietan errotuta jarraitzen du, heredatu egiten da eta gazte eta adingabeak babesgabetasun egoeran uzten ditu, orain eta etorkizunera begira”.

2017an Caritas Bizkaiaren bide-laguntza jasotako 10.909 pertsonetatik, 6.112 emakumeak dira; horietatik 3.242k seme-alabak zaindu behar dituzte (1.800 kasutan guraso bakarrak dira – ama buru duten familiak). Caritas Bizkaiak 1,6 milioi euro bideratu ditu POBREZIA egoerak arintzera bideratutako laguntza ekonomikoetarako, 4.413 familiaren artean. Gainera, 668 haurrek hartu zuten parte gizarte eta hezkuntza babeserako proiektuetan eta hiriko eta landa eremuetako udalekuetan.

Era berean, %10 handitu da bazterkeria egoeran dauden pertsonen kopurua eta jantoki sozialetan artatutako pertsonen kopurua ere igo da, bereziki Bilbon, 2017an (%25eko igoera abenduan, urtarrilarekiko).

 

2.- BAKARDADEA: “Laguntza eta harreman sarerik ez izatea eta bakardade sentimendua dira gizarte-bazterkeria eta babesgabetasunaren ezaugarrietako batzuk”.

Harremanen dimentsioa oso konektatuta dago eta eragin handia dauka gizarteratze-bazterkeria prozesuetan, baita pobreziaren belaunaldien arteko transmisioan ere. Zainketen gaia garrantzitsua izaten da harremanei dagokienez, bai bizitzaren lehen etapetan, baita zahartze-prozesuetan ere, eta erronka handi bat dira gizartearentzat, etorkizunera begira. Guraso bakarreko familien buru diren emakumeak, senideen zaintzaile rola hartzen dutenak; bazterkeria egoera larrian dauden pertsonak (etxerik gabe edo adikzioekin); laguntza-sarerik gabeko etorkinak… herritar gehienentzat ikusten ez diren errealitateak dira.

Familia elkartasun eremu garrantzitsua da oraindik ere. Merkatua eta batzuetan erakundeak ere iristen ez diren egoeretan, familia hor dago, baina kasu askotan, ahalegina eta nekea handiegiak dira, batez ere familia ahulenetan, eta familiaren babes hori ez duen jendearen egoera oso kezkagarria da (bakarrik dauden pertsonen zein ama guraso bakartzat duten familien kasuan, seme-alaba adingabeekin eta laguntza-sarerik ia batere gabe). Caritasek kontziliaziorako laguntza eman die 138 adingaberen familiei (prestakuntza jasotzeko, laneratzeko…) eta zaintza lanak dituzten 49 familiari, “Esku onetan” proiektuaren bidez. Era berean, ia 300 edadeturi laguntza pertsonalizatua ematen zaie (%87 emakumeak) eta 2.100 pertsonari tailer eta proiektuen bidez, harremanen arloa sustatu eta seme-alaben zaintzan laguntzeko.

Era berean, Caritas Bizkaiako ia bi mila boluntarioetatik 1.500 inguruk beste pertsona batzuei ematen diete laguntza tailer eta jarduera desberdinen bidez, harremanak sustatu, entzun, parte-hartzen lagundu eta bestelako jardueretara begira (emakumeak, familiak, edadetuak…).

 

3.- ENPLEGUA: “Enplegu bat izateak dagoeneko ez du bizimodu duina izateko aukera bermatzen”.

ENPLEGUARI dagokionez, ez da soilik enplegu falta (Caritas Bizkaiara etorritako emakumeen %86 lanik gabe zegoen une horretan); lan prekarietatea ere bada. 2017an Caritas Bizkaiak lagundutako 300 pertsonak lortu zuten lana, bai autoenpleguaren bidez (65 lanposturekin sortutako 23 enpresa), baita lan arloko bitartekaritza eta orientazioaren bidez (150) ere, beste proiektu batzuen artean. Gainera, enplegua sortzen duten Ekonomia Solidarioko ekimenak babesten jarraitzen dugu, hala nola Koopera, ZaintzaLan, Lapiko Catering eta abar. … baina gaur egun, enplegu bat izateak ez du bermatzen bizimodu duin bat izateko diru-sarrera nahikoak jasotzea.

Enplegu arloan 1.566 pertsonari eman zitzaien arreta 2017an. Horietatik 639 pertsona 9 ekimen berritzailetan izan ziren (autoenplegua, bide-laguntza, prospekzioa, baliabide-zentroa, tailer desberdinak…). – Prestakuntza tailerrak, lan aurrekoak, oinarrizko gaikuntzakoak eta abar dira laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako aukerak.

 

4.- INKLUSIOA: “Gaur egun pertsona gehiago daude bazterkeria egoeran edo arriskuan, gizarteari ekarpena egin ahal izateko aukeren beharrarekin”.

Pertsona eta familien INKLUSIOAREN erronkari dagokionez, pertsona batzuei lana lortzen eta gizartean aktiboki parte hartzeko moduak bilatzen lagundu zaie, bakoitzak bere ekarpena egin dezan. 2.170 baino gehiago aritu dira harremanak sustatzen eta seme-alabak zaintzen laguntzeko zentro komunitario, tailer eta proiektuetan; baina, horretaz gain, Caritas Bizkaiak 354 pertsonari bide-laguntza eman die gizarteratze-prozesuetan, ikuspuntu integral batetik (Elkarrekin proiektua); 307 etxerik gabeko pertsonentzako proiektu integraletan aritu dira; eta, azkenik, beste 209 eguneko zentroetan (etxerik gabeko pertsonen arloko bi eta beste bat Edadetuen arlokoa –Egunon Etxea-). – Era berean, urtean zehar aisialdiko hainbat jarduera burutzen dira, aisialdi inklusiboari begira.

 

5.- ETXEBIZITZA:  “Etxebizitza da familien kezka nagusietako bat. Zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat lortu eta hori mantentzeko gastuei aurre egiteko. Kolektibo batzuentzat are zailagoa da (etorkinak eta etxerik gabeko pertsonak, batez ere)”.

Caritasek lagundutako pertsona gehienei zaila egiten zaie etxebizitza bat lortzea, eta horietako askok etxebizitza partekatu beharra izaten dute (Caritas Bizkaiak 2017an lagundutako 2.500 pertsona baino gehiago etxebizitza partekatuetan edo gabezia handiak dituzten etxebizitzetan daude).

Caritas Bizkaiaren zerbitzuetan etxerik gabeko 1.554 pertsona artatu dira, bai jantoki sozialetan, eguneko zentroetan, zein gizarteratze-proiektuetan.

Caritas Bizkaiak 457 pertsonarentzako lekua dauka, hainbat programa eta proiekturen bidez, eta ia %100ean beteta egoten dira. Gainera, 180.000 euro bideratu ziren etxebizitzarekin erlazionatutako gastuetara, 2018an, eta edadetuen etxebizitzak egokitzeko 14 esku-hartze egin ziren, baliabide gutxiko pertsonen kasuan, Barriztu proiektuaren baitan.

 

6.- GIZARTE IREKIA: “Gizakiak derrigorrez lekuz aldatu behar izatea drama handi bat da, jendeak bere jaioterria eta etxea atzean utzi behar dituelako. Bestalde, elkartasun eta elkarbizitzaren aldetik erronka handi bat pertsona horiei harrera egiten dieten gizarteentzako”.

Azkenik, bizi garen GIZARTE IREKI eta globalizatuak ere Caritas Bizkaiaren lanaren zati bat hartzen du. Horrela izanik, nazioarteko babesa eskatu zuten 149 pertsonari eman zitzaien laguntza, Goihabe proiektu bateratuaren bidez, eta 333 etorkini eman zitzaien aholkularitza juridikoa, beren egoera legalarekin lotutako gaien inguruan.

Era berean, Caritasek sentsibilizazio, intzidentzia eta garapen jarduerak sustatzen ditu Haitin, Hondurasen, Ekuadorren, Nepalen, Perun, Kongoko EDn eta Etiopian; Bizkaian Bidezko Merkataritza proiektu bat sustatzen du (Kidenda, Misiones eta Alboan elkarteekin batera) eta zurrumurru eta estereotipoen inguruko jarduerak burutzen ditu ((“Argi Ibili” – ZAS), baita ekonomikoa solidarioa, migrazio eta asiloarekin lotutakoak ere (Bizkaia Isilik).

 

Guzti horretarako funtsezkoak dira honako elementuak: ia mila (1.949) boluntarioen konpromisoa eta PARTE-HARTZE desinteresatua; Bizkaiko gizartearen laguntza ekonomikoa, gure 4.421 bazkide eta emaileen aldetik (2.218 emakume eta 2.203 gizon), 4,2 milioi euroko ekarpena egiten dutenak; baterako proiektuetan laguntzen duten edota laguntza ekonomikoa ematen duten 22 enpresa eta erakunde pribatuak (ia 1,4 milioi euro); Bizkaiko kristau komunitateak parrokietako dohaintza eta bilketen bidez ematen duena (776.576 euro); eta Administrazio Publikoen babesa (3,5 milioi euro).   Gainerako diru-sarrera propioekin  (1,6 milioi euro), 11,6 milioi euroko zenbatekora heltzen gara eta hori izan da Caritas Bizkaiak 2017an egindako inbertsioa, batez ere Bazterkeria Larrirako programetan (etxerik gabekoak eta adikzioak, 3,6 milioi euro), Harreran (2,2 milioi) eta enplegu arloan (1,6 milioi).

 

GURE ESPERIENTZIA ETA IKUSPEGIA OINARRI HARTUTA, HONAKOEI DEI EGIN NAHI DIEGU:

  • …gizarte osoari, elkartasunean, doakotasunean eta zerbitzuan oinarritutako gizarte eredu bat bilatzeko. Pertsona guztion eskubideen alde lan egiteko eta elkarbizitza eta kohesio soziala bideratzen laguntzeko, pertsonen parte-hartzea eta harremanen garapena sustatuko duten gizarteratze-ekimenen bidez.
  • … administrazio publikoei, pertsonak (bereziki babesgabeenak) ardatz hartuko dituzten babes eta gizarteratze politikak garatzeko, beren duintasuna bermatzeko, pobreziaren aurrean ekonomikoki babestuz, beste gauza batzuen artean.
  • …pertsonei lana ematen dietenei, pertsonen gizarteratzea sustatzen duten enpleguen bidezko lan aukera errealak sustatzeko, eta zainketen eremuaren eta gizarte eta lan arloko garapenaren arteko kontziliazio aukerak emateko.
  • …Kristau Komunitateari, gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonen duintasunaren aldeko eta gizarte eredu bidezkoago baten aldeko konpromisoa

 

Caritasen topaketa Sestaon, bihar, osteguna, eta asteburuko Kanpaina:

Caritas Karitatearen Astea garatzen ari da egunotan. Ekainaren 3an bukatuko da, igandea, Corpus egunean, Caritasen eguna. Caritasek bere parrokia komunitate guztien aurrean kanpaina instituzionalaren mezua ikusarazten duen unea da: “TU COMPROMISO MEJORA EL MUNDO – ZURE AHALEGINA, DENON ATSEGINA”.

Horrela izanik, bihar, osteguna, Caritas Bizkaiak bere inguruko pertsona guztiei (boluntarioak, bazkideak, emaileak…) eta Bilboko Elizbarrutiko bestelako eragileei dei egin nahi die, denon artean elkartu eta gure konpromisoa ospatzeko, Sestaon, 16:30etik 20:30era bitarteko ekitaldi batean. Hainbat jarduera burutuko dira, frontoian -Sestaoko Udalak lagata- eta Santa Maria parrokian.

Caritasek jende guztia gonbidatu nahi du bere kanpainarekin bat egitera eta ahal duena ematera, babesa, laguntza eta itxaropena behar duten pertsonen ondoan egoteko. Caritasek pobreziaren aurkako konponbidearen PARTAIDE IZATEKO deia egin nahi digu guztioi, konpromiso pertsonalaren edo boluntariotzaren bidez, edota ekarpen ekonomikoak eginez, pertsona babesgabeei laguntzen jarraitu ahal izateko: “IZAN ZAITEZ CARITASEKO BAZKIDE”.  – Era berean, asteburuan Bizkaia osoko 300 parrokia eta elizetan egiten diren mezetan bildutako dirua Bilboko Elizbarrutiko Caritasen lana babestera bideratuko da.   

 

Leave A Comment