Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

Bilboko errege opil solidarioa

Errege opila“Bilboko Errege opil solidarioak” 3.000 errazio banatuko ditu, Urtarrilaren 5ean Plaza Berrian

  • Caritas Bizkaia, Lapiko Catering eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak errege opil erraldoi baten 3.000 zati banatuko dituzte urtarrilaren 5ean (astelehena), eguerdiko hamabietatik aurrera Plaza Barrira hurbildu eta Bizkaiko Cáritasen Haurtzaro Programarako 1 €uro ematen dutenen artean (1 €uro pertsonako).
  • Café Iruña Catering-ek beste horrenbeste txokolate katilu eskainiko ditu, Kaiku-k (esnea) eta Baqué-k (kakaoa) egun horretarako bereziki emanda.
  • Caritaseko boluntarioak arduratuko dira ekitaldia antolatzeaz, dohaintzak jasotzeaz eta opila eta txokolatea banatzeaz, produktuak amaitu arte.

Bilbo, 2015ko urtarrilaren 2a.- Carlos Bargos Caritas Bizkaiako zuzendariak, Nekane Narbaiza Lapiko Catering-eko gerenteak, Alberto Gómez Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko presidenteak eta Alicia Garmendiak (Iruña Catering) “Bilboko Errege Opila” aurkeztu dute. Ekitaldiaren antolatzaileak dira, eta hauen laguntza izan dute berau martxan jartzeko: Iruña Catering, Kaiku eta Baqué. Babesleak: Bilbao Ekintza eta LABORAL kutxa. Ekitaldia astelehenean izango da, urtarrilak 5, Errege bezperan, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Bilboko Zazpi Kaleetan dagoen Plaza Barrian. Opil zati eta txokolate edalontziaren prezioa 1 € izango da pertsonako, Bizkaiko Cáritasen Haurtzaro Programara bideratzeko.

Pasa den urtean egin zen moduan, aurten ere “Lapiko Catering”-ek errege opil solidarioaren 200 errazio inguru prestatuko ditu zeliakoentzat. Horiek egiteko, zeliakoentzat egokia den irina erabiliko da.

Errege opil erraldoi honen lehenengo zatia 12:00etan egingo da. Opil solidario honek 500 kilogramoko pisua edukiko du, 60 metroko perimetroa eta 25 zentimetroko zabalera. Opila egiteko lanetan 25 pertsonako lan-taldea dabil, Lapiko Catering-eko langileez eta Peñascal Koop. Elkarteko Ostalaritza Eskolako ikasle eta gozogintzako arduradunez osatuta. Berau prestatzeko, errezeta tradizionala jarraituko da, eta hauek izango dira osagaiak: 350 kilogramo irin, 130 litro esne, 100 kilogramo azukre, 75 kilogramo gurin, 250 dozena arrautza, 20 litro laranjondo-lore ur, 30 kilogramo fruta azukreztatu eta 20 kilogramo almendra birrindu, baita 20 kilogramo legamia ere.

Lehenengo zatia egiteko Bizkaiko politikari eta kirolari ezagunak egongo dira, eta ondoren, dastatu ahal izango da gozoki hau. 3.000 errazio inguru banatuko direla kalkulatu da. Zati bakoitza txokolate katilu batekin emango da, Kaiku eta Baqué enpresek emandako esne eta txokolatearekin egindakoa. Café Iruña Catering enpresak zerbitzatuko ditu. Opil eta txokolate edalontzien banaketa, eremuak antolatzeko lanak, Haurtzaro programarako dohaintzen bilketa eta abar egiteko Bizkaiko Cáritaseko hamarnaka boluntario egongo dira.

Errege opilaGoiz osoan zehar KIDENDAren stand bat ere izango da eta salgai jarriko ditu Bidezko Merkataritzako produktuak. Proiektu hori Cáritas Bizkaia, Elizbarrutiko Misioak eta Alboan-ek laguntzen dute.

Cáritas Bizkaia, Lapiko Catering eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartearen helburu nagusia haurtzaroarekiko elkartasuna da. Horregatik, Caritas Bizkaiaren Haurtzaro Programari lagundu eta abenduaren 5ean Plaza Barrira hurbiltzeko deia egin nahi dute. Hala nahi dutenek, opila eta txokolatea banatzeko karpan jarriko diren itsulapikoetan eman ahal izango dute dohaintza. Bildutako dirua Eskola eta Gizarte mailan laguntza emateko Bizkaian dauden 24 Proiektuetara bideratuko da. Egun, Cáritas Bizkaiaren Haurtzaro Programaren barruan dauden proiektuak dira horiek. Proiektu horien bidez adin txikikoen gaitasun pertsonal, sozial, kognitibo eta hezkuntza eta familia mailako gaitasunak sustatu eta indartzen dira. Parte hartzen duten haur eta nerabeak 5 eta 16 urte bitartekoak dira, eta beren familiak arrisku edo desabantaila egoeran daude gizartean. Eskola eta Gizarte laguntza emateko Proiektu bakoitzean gizarte, eskola, familia eta aisialdi arloko gaitasunak lantzen dira.

“Bilboko Errege Opila” prestatzeko arduraduna Lapiko Catering gizarteratze-enpresa da. Enpresa arloko proiektu hau Peñascal Koop. Elk. eta Caritas Bizkaiaren arteko batasunaren emaitza da; ostalaritzako sektorean hogei urtetik gora daramatzana bata, eta abian jarri duen gizarte ekintzaren ondorioz gizarte-jatetxeei erantzuna eman nahi diena bestea. Lapiko Catering-ek Cáritasen jatetxe sozialetara egiten du banaketa (egunean 300 menu baino gehiago); horrez gain, bestelako katering zerbitzuak eskaintzen dizkie gainontzeko erakundeei: coffee-break, luntxak, koktelak, herri-bazkariak, eta norbanakoentzako nahiz gizarte erakundeentzako ekitaldiak, hau da, erakunde kulturalak, erakundeak eta enpresak. Lapiko Catering-ek, gainera, bazterketa arriskuan daudenen gizarteratze eta laneratzearen alde egiten du.

Elizbarrutiaren karitatezko gizarte-erakundea da Caritas, Bizkaian bazterketa arriskuan edota bazterketa egoeran dauden pertsonei arreta ematen die. Horretarako, esku-hartze sozialeko arlo bat baino gehiago ditu: harrera, arropa, familia-gizarteratzea, haurtzaroa, adinekoak, laneratzea, etxe gabekoak, adikzioak, zerbitzu juridiko eta psikologikoa; eta baita honakoak ere: nazioarteko lankidetza programa, animazio komunitarioko departamentu nahiz zerbitzuak, sentsibilizazio eta komunikazioa, boluntariotza, ikerketa eta prestakuntza.

Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartea da Bilboko merkatari eta ostalariak biltzen dituen elkarterik zaharrena, eta Hirigune Historikoan gauzatzen du bere egitekoa. 1969an sortu zenetik, eragile garrantzitsua bilakatu da Bilboko hirigune historikoko bizitza soziala dinamizatzeko, ekitaldi ugari sustatu eta horietan kolaboratuz.

Leave A Comment