Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

Bilboko Eleizbarrutia : Gizarte Ekintza eta pastoral datuak

Bilboko Eleizbarrutiaren gizarte eta pastoral jardueraren daturik esanguratsuenak

 

 

2017.11.16 |  Eleizbarrutiak garatzen dituan eginkizun nagusiak ezagutzera emoteko agerraldia –gotzaina buru dala-, San Frantzisko auzoan kokatzen dan eta Bizkaiko Caritasen ardurapean dagoan ‘Hargindegi’ zentroan egin da. Azken 25 urtez ezelango babesik ez daben gizataldeei arreta eskaintzen deutsie zentro horretan. Gotzainak iragarri dauanez, Eleizbarrutiak ezinbesteko urratsak emongo ditu San Nikolas parrokian hartu-emon eta bat egiterako eremua eskaintzeko, bakartadea eta deserrotzea jasaten daben personentzat. Gotzainak, gainera, Bizkaian Eleiza ulertzeko moduari buruzko II. Azterlana aurkeztu dau.

 

 

“Lekua ez da kasualidadez aukeratu –adierazo dau Mario Izetak agerraldiaren hasieran-, aita santuak Behartsuen aldeko Munduko Egunerako egin deuskun deiari, hau da, hitzez ez ezik egitez maitatzeko deiari, erantzuten deutsalako”. Izan be, zentro honek 25 urtez eskaintzen diharduan osoko zerbitzua, erreferentea da gizatalderik ahulenentzat. Aurton, “hainbat kultura eta erlijinotako” 300 lagun inguru parte hartzen ari da Hargindegiren tailer eta egitasmoetan, eta erabiltzaile gehienak kanpotarrak dira, guraso bakarreko familiak eta “egoera ahulean dagozanak, lanik ez izateagaitik”. Puntu honetan, gotzainak Eleizaren eginkizun nagusienetako bat aitatu dau: “ahulenei lagun egin”.

Mario Izeta gotzainak Bizkaiko Eleizari euren denporea eskaintzen deutsen 5.000 boluntarioren lana eta Eleizari bizirik eusteko ezinbestekoa dan fededunen diru-laguntza nabarmendu eta eskertu dau. “Fededunen ekarpenak eta eleizetan egiten diran dohaintzak, Eleizbarrutiko sarreren %71a dira”, zehaztu dau. Autofinantzaketa da Eleizbarrutiaren helburuetako bat eta, “gaur egun %80tik gora dago”.

Eleizbarrutiak 2016an erabili izan dituan 34 milioi euroak zertarako izan diran be aitatu dau Gotzainak. Aurrekontuaren zatirik handiena, “%44a, gizarte ekintzara zuzendu izan da”.

Bizkaian Eleiza ulertzeko moduari buruzko II. Azterlana

Lehenengo azterlana 2013an egin zan Ikerfel etxearen eskutik. Bizkaian Eleiza ulertzeko moduari buruzko bigarren azterlan honetan ez da aldaketa handirik antzematen lehenengogagaz alderatuz. Aurkezpenean nabarmendu dan datuetako bat hauxe da: “Bizkaiko herritarren erdiak baino gehiagok katolikutzat dauala bere burua”. Portzentajeak gora egin dau apur bat 2013tik hona, “%54tik %57ra”. Beste alde batetik, “katolikuen %36ak, gitxi-asko ‘praktikantetzat’ dau bere burua, eta egunero mezetara doazanakaz batera, hilean behin joaten diranak dagoz”.

Azterlanean nabarmentzen danez, gehienen ustetan, Bizkaiko Eleizea “solidarioa da, arreta eskaintzen deutse gaixoei, abegitsua da behar dozunean eta konprometitua zailtasun gehien jasaten daben gizataldeakaz”.

Azterlan honen emaitzek “modernoago, gardenago eta eredugarriago” agertzea ezinbestekoa dala erakusten dabe. Jokamolde eta portaera zuzenerako balioak zabaltzeari dagokionez, autortu egiten da Eleizaren egitekoa. “Euren burua katolikutzat daukien geheinen ustez, eginkizun hau, lehenengo eta behin, ikastetxeek hartu beharko leukie euren gain, gero Eleizak eta hirugarrenez familiak”. Euren burua katolikutzat ez daukienek, ostera, familia Eleizaren aurretik ipinten dabe. Kontu hau dala-eta, gotzainak esan dauanez, “aurreko azterlanean lez, esanguratsua da galdera hori erantzun barik izten dabenen kopurua”, hau da, galdeketa egin jakenen herena.

Azken azterlan honetan, besteak beste, Frantziskoren aitasantutza-aldiari buruzko galdera egin da eta “bost katolikutatik ia lau bat dator aita santuak garatutako egitekoa bizi-bizia eta barritzailea izan dala esaterakoan”.

Eleizaren egitekoak

“Bizkaiko Eleizea gizon eta emakume guztien, eta lehenengo eta behin baztertuenen gizarte egoera hobetzearen eta euren eskubideak defendatzearen alde konprometitua dago”, nabarmendu dau gotzainak. Eta honen inguruan, gotzainak ezinbesteko urratsak emoteko konpromisoa hartu dau, “San Nikolas parrokian hartu-emon eta bat egiterako eremua eskaintzeko, bakartadea eta deserrotzea jasaten daben personentzat”

Komunikazinoari eta gardentasunari dagokion arloa hobetu egin behar dala uste da. “Gardentasun-ataria ezarri dogu gure web orrialdean; joan dan astean aurkeztu zan Euskalitek antolatzen dauan Kudeaketa Aurreraturako Astean eta kalifikazino onak jaso ditu”, esan dau.

Bizkaiko Caritasen datuak

Gotzainaren ostean, Carlos Bargos Bizkaiko Caritaseko zuzendariak jardun dau. Bere esanetan, ahuleziaz eta behin-behinekotasunez bustitako errealidadeak epe luzerako egonkortu egin dira; familia “alkartasunerako eremu esanguratsua” dala be adierazo dau. Bargosek egoera eskasean dagozan lagun horeen bizitza hobetzeko hainbat aukera aitatu dau: “babes ekonomikoa babestu, gizarteratzerako ekimenak suspertu eta lanean hasteko aukerak emon”. Amaitzeko, “mundua aldatzeko konpromisoa hartzeko” dei egiten dauan Caritasen azken kanpaina aurkeztu dau.

Eleizbarrutiko Alkartasun Zeinua

Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkariak urtero Eleizbarrutiak antolatzen dauan Zeinua aurkeztu dau. Esan dauanez, “aurton Behartsuen aldeko Munduko Egunean oinarrituko da”. Zazpiehun ikaslek parte hartuko dabe goizeko ekitaldian. Doña Casilda parkean alkartuko dira 9:30etan eta handik Zubiarte zineetara joango dira. Pelikulak ikusi eta tailerretan parte hartuko dabe. Herritar guztiei egiten jake deialdia arratsaldeko ekitaldian parte hartzeko, Indautxuko Karmeneko Ama parrokian, arratsaldeko zazpietatik aurrera.

 

 

Leave A Comment