Gaztelania | Euskera

Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna

Berreraiki  justiziaz

Gaur, maiatzak 8, Bidezko Merkataritzaren Munduko eguna da, eta aldarrikapen kutsu berezia dauka aurtengoan, izan ere, COVIDaren osteko sasoirako lehengoratze ekonomiko iraunkor eta gizatiarra eskatu nahi dugu. “Berreraiki dezagun justiziaz” lelopean, bidezko merkataritzaren mugimenduak nazioarteko erakunde eta ordezkari politikoei dei egin nahi die, larrialdi klimatikoa arintzeko eta desberdintasun egoerak murrizteko. Giza Eskubideak eta planetaren babesa lehenetsiko dituen politika bat behar dugu, Bidezko Merkataritzaren eta Ekonomia Solidarioaren balioak oinarri izango dituena.

Caritas Bizkaiak 20 urte baino gehiago daramatza bidezko merkataritzaren alde egiten, pobreziaren eta herrien arteko desberdintasunen aurka borrokatzeko tresna gisa. Elizaren Dotrina Sozialaren bidez entziklika eta testu askok izan dute gai hori hizpide, egun indarrean dugun eredu sozioekonomikoa kritikatu dute, eta beste eredu bidezkoago, iraunkorragoa aldarrikatu dute, senidetasunean oinarritua.

Kidenda proiektua Caritas Bizkaiak, Elizbarrutiko Misioen Ordezkaritzak eta Alboan Fundaziok sortutako proiektua da, herrialdeen artean eta komunitate eta enpresa ekoizleen artean gertatzen diren bidegabeko harremanak ikusarazteko. Errealitate horren aurrean, Kidenda ekonomia solidario eta kontsumo arduratsuko aukera moduan aurkezten dugu. Horretarako, boluntarioen konpromisoa, sentsibilizazioa, eta bidezko produktuen merkaturatzea garatzen dira.

Gainera, Nazioarteko Lankidetza eta Migrazioen Sailaren bidez, Caritas Bizkaiak bidezko merkataritzako ekoizleen erakunde txikien sendotze-prozesua babesten du.  Horrela izanik, tokiko aliantza global bat sortzen da, eta horrek erakusten du posible eta bideragarria dela beste eredu ekonomiko bat, pertsonen eta planetaren beharrizanetan zentratua.

Maiatzaren 8an Bidezko Merkataritzaren Munduko Egunean parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu. Eman babesa gure aldarrikapenei.

Nola egin dezakezu?

#BerreraikiDezagunJustiziaz irudia deskarga dezakezu, kartelarekin argazki bat egin, eta sare sozialetan argitaratu.

Edo, nahiago baduzu, adierazpena irakurri dezakezu. Bertan adierazi ditugu gure aldarrikapenak.

Sareen bidez jarrai gaitzakezu, eta edukiak partekatu.

 

Berreraiki dezagun justiziaz adierazpena (gaztelania)

#BerreraikiJustiziaz

Bideoa Kidenda

Leave A Comment