Gaztelania | Euskera

Bidezko Merkataritzaren Eguna

Bidezko Merkataritzaren eguna da, eta erakundeok eredu ekonomiko bidezko eta iraunkorragoa aldarrikatu nahi dugu krisi honetatik irteteko

 

Gaur, maiatzak 9, Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna da. Horregatik, arlo horretako erakundeok zera aldarrikatu nahi dugu: COVID-19ak eragindako krisia gainditzeko, beste eredu ekonomiko bat bultzatu behar dugu, pertsonen eskubideak eta ingurumena etekinen aurretik lehenetsiz.

 

Desberdintasun egoerak eta krisi klimatikoa dira neurririk gabeko kontsumoan oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorio nagusiak. Helburu bakarra kapitala sortzea da. Osasun krisiak erakutsi digu sistema honen ahultasuna, pertsona asko atzean uzten dituen sistema, duintasuna bera ere ukatuta, eta oinarrizko beharrizanak estali gabe. Bidezko Merkataritzaren mugimenduak defendatzen du krisi honetatik denok batera irten behar  dugula, eta eredu ekonomikoak giza duintasuna eta planetaren zaintza lehenetsi behar dituela. Adierazi nahi dugu hori posible izateaz gain, beharrezkoa ere badela. Hamarkadak daramatzagu aldarrikapen honekin, baina aurten, Bidezko Merkataritzaren egunean, are ozenagoa esan nahi dugu, nahiz eta egun hau birtualki ospatu behar izan (#BidezkoMerkataritzarenEguna), eta ez kalean, egin ohi dugun moduan.

 Gure hiru eskaera nagusiak honakoak dira:

 

  • Pertsonak onura ekonomikoen aurretik. Lan eskubideak eta bizitza duina mundu osoko langileentzat. Krisi honek agerian utzi digu paradoxa handi bat: soldata kaxkarrenak jasotzen dituzten pertsonetako batzuen lana, hala nola nekazariena, ezinbestekoa zaigu bizitzeko. Hala ere, lan baldintza txarretan aritzen dira, pobreziara kondenatzen dituen soldatekin, edo sektore informaletan. Munduko Bankuaren ondorioen arabera, munduko pertsona pobreen artean, 10etik 6 nekazaritza arloan dabiltza lanean. Izan ere, elikaduraren katean bitartekari ugari daude, eta elikagaien hornidura eta ekoizpen iraunkorra bermatu beharrean, enpresen irabaziak handitzea besterik ez da bilatzen. Bidegabeko paradoxa hori beste sektore komertzial batzuetan ere ematen da (arropa, teknologia…). Gaur egun, oraindik ere, enplegua duten munduko 700 milioi pertsona “langile pobreak” dira, Nazio Batuen arabera. Ez da kasualitatea. Bidezko Merkataritzako erakundeok aldarrikatu nahi dugu langile guztion lan eskubideak eta duintasuna bermatzea oinarrizko eskubidea dela. Gainera, krisiaren aurrean gizartea ez litzateke hain babesgabea izango. Zentzu horretan, Bidezko Merkataritzako erakundeen praktika komertzialak langileentzako ondorio sozial eta ekonomikoak arintzen ari dira.

 

  • Kontsumo arduratsua. Egungo kontsumo-maila ez da jasangarria. Ingurumena hondatzen ari da, baina ez hori bakarrik, beste fenomeno kaltegarri batzuk ere bultzatzen ditu, hala nola enpresen deslokalizazioa, araudi gutxiago dauden herrialdeetan produkzioa ezartzea (errenta gutxiagoko lekuak, sindikatuta egotea debekatuta dagoen lekuak, pobrezia handikoak, azken finean). Krisi honek eduki duen alde positiboetako bat da benetan garrantzitsua dena ikusarazi digula. Bidezko Merkataritzako erakundeok uste dugu gure kontsumo mailak benetako beharrizanetara egokitu behar ditugula, eta langileen eskubideak eta ingurumena errespetatze dituzten prozesuen bidez ekoitzitako produktuen kontsumoa sustatu.

 

  • Ingurumena errespetatzea. Koronabirusak mundua mehatxatu du, krisi klimatiko betean, gure planeta zaintzeko beharraz ohartarazi nahiko bagintu bezala. Beroketa globala, desertifikazioa edo deforestazioa dira produkzio eredu nagusiaren eta nekazaritza industrialaren ondorioetako batzuk. Baliabide naturalen gehiegizko erabilera, ondasunen produkzio masiboa eta nekazaritza praktika kaltegarriak dira nagusia, hala nola monolaborantza eta produktu kimikoak. Bidezko Merkataritzako erakundeok produkzio eredu berdera pasatzeko beharra sentitzen dugu, karbono isurpenik batere ez sortzeko helburuarekin.

 

Azken finean, koronabirusaren krisiak erakutsi digu munduko hazkunde ekonomikoaren eredua ez dela ez jasangarria, ez bidezkoa. Krisi honetatik irteteko proposamen eta erantzunak desberdinak izan behar dira; ez gaitezen akats berdinetan erori. Eskubide, iraunkortasun eta berdintasunean oinarritutako eredu bat sortzeko aukera daukagu.

Hori da Kidenda Bidezko Merkataritzaren Munduko Egunean atxikitzen zaion manifestua. Bat egiten al duzu?

Leave A Comment