Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

BesteBi plataformako komunikatua

BesteBi“Ostatu duin eta egoki baten alde. Inor ez etxerik gabe”

‘BesteBi’ plataformatik Bizkaiko etxerik gabeko pertsonen babeserako sistemen defentsarako deia luzatzen dugu.

Etxerik gabeko pertsonen egunean ospatzen da kontzentrazio hau. Helburua da horiek ikustarazteko beharraz ohartaraztea, arreta duina eman beharraz jabetzea eta pobreziaren kausei (ez pertsona pobretuei) aurre egingo dieten politika sozialen eta etxebizitza sustatzeko politiken alde egitea.

Proposamenak ikusteko, sakatu hemen

Hasteko, albiste on bat eta gogorarazteko oharra:

Iaztik ez da pertsona bat ere hil kaleetan. 2013ko azaroan irakurketa bera egin genuen egoeraz, eta uste dugu gizarteak harro egon behar duela pertsonak kalean hil daitezen saihesten jarraitzeaz. Espero dugu datozen urteetan berriro elkartu eta gauza bera esaten jarraitu ahal izango dugula. Aski da! Bukatu da etxerik gabeko pertsonak kalean hiltzea!

Edonola ere, kalean hil ez arren, etxerik ezak bizitza eta heriotza markatu dizkien pertsona guztiak oroitu nahi ditugu (etxerik gabeko pertsona baten bizi-itxaropena kalean bizi beharrik ez duen pertsona batena baino 20 urte laburragoa da). Aurten, zazpi izan dira gutxienez baliabide ezberdinetan hil diren pertsonak: Agurtzane, Alussine, Jose, Yolanda, Santiago, Mercedes, Lahcen… eta ikusezinak izateagatik ahaztu ditzakegun besteren bat. Beste zenbait hiltzear egon dira, Abandoko geltokian abandonatutako aldiriko trenean lo egiten zutenak adibidez. Ekimen hau zuentzat da!

Etxerik gabeko pertsonak ikusaraztea da lehenengo urratsa

Etxerik gabeko pertsonak ikusezin bihurtutako pertsonak dira. Ezinbestekoa da etxerik gabeko pertsonekin bidezkoa eta solidarioagoa izango den gizarte baten alde lan egitea, (berez nahikoak ez diren) zerbitzu eta prestazioak murriztearen kontra agertuko den gizartea lortzea eta, aldi berean, inklusioa eta gizarte kohesioa bilatzen duen babes sistema sendotzearen aldeko apustua egitea.
Beste urte batez, ‘BesteBi’ Plataformatik deia luzatzen diegu erakundeei egoitzetako eta bestelako laguntza-baliabideetako (eguneko zentroetako) plazak eskuratu eta mantentzeko irizpideak berrikus ditzaten, pertsonen gizarteratze prozesua errazte aldera (errolda-aldiaren gutxieneko iraupenaren gaineko exijentziak, adibidez, muga izaten dira batzuetan baliabide hauek eskuratzeko orduan).

BesteBiEtxerik gabeko pertsonen egoera orokorra: hobetu beharrean, okertzen ari da.

Etxerik gabeko pertsonen egoera gero eta prekarioagoa da; oraindik ere ez dago baliabide nahikorik guztiekin lan egiteko, gizarteratzeko prozesuak sustatzeko; eta gizarte-murrizketek, ekonomia-krisiaren aitzakiapean, egoera hori larriagotu egiten dute.

Pertsonen eskubideak galtzearen erruz, ongizate estatua hondatzen ari da, eta horrek okerren daudenei eragiten die bereziki. Gainera, neurri horiek gizarte babesa hankaz gora jar dezakete epe ertain edo luzera. Ezin da gizarte-ongizate sistema deuseztatu krisi ekonomikoa aitzakia gisa hartuta.

Gizarte Zerbitzuen sistema berria ezartzearen ondorioz, etxerik gabeko pertsonentzako zerbitzu eta baliabideetan aldaketak izan dira. Hala, ezinbestekoa da aldaketotan pertsonen prozesu naturalak kontuan izatea, horietara egokitzeko adinako malgutasunarekin eta dagoeneko hasi diren “arreta hutsuneei” arreta berezia eskainita.

Administrazioei eta gizarte osoari eskatzen diegu ez jarraitzeko etxerik gabeko pertsonak ikusezin egiten eta, era berean, babes sistema beraien errealitatera doitzeko.

Aski da, bukatu da pertsona pobretuak kriminalizatzea.

Azkenik, ezinbestekotzat jotzen dugu hauteskunde helburuekin pertsona pobretuak kriminalizatzen dituzten gizarte prestazioen gaineko diskurtsoak salatzea. Uste dugu funtsezkoa dela “aporofobia” ezabatzea eta gizarte gisa dugun erantzukizuna onartzea. Ildo horretan, garrantzitsua da bereziki herri administrazioek erantzukizuna beren gain har dezaten, pobrezia sortzen duten kausen kontra borrokatzeko eta pertsona pobretuen kolektiboek duintasuna berreskuratzeko, pertsona guztiengana helduko den kalitatezko gizarte esku-hartzearen bitartez.

Bukatzeko, ‘BesteBi’ etxebizitza eskubidearen eta etxerik gabeko pertsonen aldeko plataformak gogorarazi nahi du, beste behin, etxebizitza eskubidea pertsona ororen eskubidea izan behar dela, eta ez asmoen adierazpen hutsa.

Etxebizitza publikoa, pertsona guztientzat nahikoa, duina eta egokia.

Proposamenak ikusteko, sakatu hemen

‘BesteBi’ Plataforma: Agiantza / Aurrerantz, S.Coop. / Bidesari / Bizitegi / Cáritas Bizkaia / Cear Euskadi / Comedor San Antonio de Irala / Comisión Ciudadana Antisida de Bizkaia / EAPN-Euskadi / Elkarbanatuz / Emaús-Bitartean / Emaús Bilbao SCIS / Fundación ADSIS / Goiztiri / Izangai / Lagun Artean / Medicos del Mundo / Oblatas-Lehio Zabalik / Posada de los Abrazos / Rais-Euskadi / Sortarazi / T4 / Zubietxe…

Leave A Comment