Gaztelania | Euskera

Bakarrik heltzen diren haurren dokumentatzeko eskubidearen alde

Haurtzaro eta migrazio arloko erakunde eta langileek atzerritartasun araudiaren aldaketa bat proposatu dute, Estatura bakarrik heltzen diren haurrek dokumentatzeko eskubidea izateko.

Proposamen horiek Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak irekitako kontsulta publikoaren esparruan egin ziren, otsailaren hasieran. Horien xede nagusia haurren garapen eta helduarorako trantsizioan laguntza ematea da.

Langile eta erakundeen proposamenaren helburua haur eta gazte horiek gure gizartean erabat eta modu eraginkorrean integratu daitezen lortzea da, Giza Eskubideak eta, batez ere, Haurren eskubideak bermatzen dituen legeria nazionala eta nazioarte mailako legeriaren arabera.  

Aurkeztutako dokumentua artikulu zehatz batzuetan zentratzen da, hain zuzen ere, identifikazioaren, dokumentazioaren eta egoitza eta lan baimenak izapidetu eta berriztatzearen ingurukoak. Hori guztia, Espainiara bakarrik heldu diren eta autonomia erkidegoetako erakunde publikoen tutoretzapean egon diren haur eta gazteei dagokienez. Herriaren Defendatzailearen gomendioei jarraituz (Ministerioak onartuak), 196, 197 eta 198 artikuluen aldaketa sakona egin beharra planteatu da, eta, harago joanez gero, 148, 190 eta 211 artikuluetan ere aldaketak egingo lirateke.

Gainera, hainbat Xedapen Iragankor gehitu dira Araudiaren atzeraeraginezko aplikaziorako. Horren helburua izango litzateke 2018ko urtarrilaren 1etik gaur egunera arte adingabeak izan arren dokumentaziorik gabe geratu ziren gazte guztiak dokumentatzea. Izan ere, bazuten horretarako eskubidea, eta hori gabe bazterkeria-egoeran geratu ziren.

Proposatutako araudi-aldaketaren xedea da Autonomia Erkidegoen babes edota tutoretzapean dauden haur eta gazte guztien inguruan honako neurriak aplikatzea:

1) Ondorio guztietarako erregulartzat hartzea, egoitza-txartelik ez badute ere. Hori lortzea formalizazio hutsa izango da, 1/2000 Loren 37.5. artikuluaren arabera.

2) 16 urtetik aurrera egoitza- eta lan-baimena automatikoki izatea.

3) Babes-sisteman sartzen direnetik egoitza- eta lan-baimena izatea, betiere, lan egiteko adinera heldu badira, eta 18 urtera arte, hasierako urtebeteko indarraldia ezabatuz. 17 urterekin eskubide hori lortu badute, hasierako egoitzak urtebeteko gutxieneko indarraldia izango du, gutxienez.

4) Dokumenturik gabekoak izango dira soilik beren adina edo nortasuna egiazta dezakeen dokumenturik edo pasaporterik ez daukaten adingabeak. Eta, beren jatorrizko herrialdeen bidez dokumentaziorik lortu ezin den kasuetan, ofizioz egindako inskripzio-zedula bidez dokumentatuko dira.

5) Honako baldintzaren bat betez gero, egoitza- eta lan-baimena berriztatzea: Lan-merkatura sartu dela eta sartuko dela egiaztatzea; babes-erakundearen txosten positiboa edo integraziorako esfortzua egiaztatzen duen txostena. Kotizazio eta baliabide ekonomikoen inguruko baldintzak alde batera uzten dira, eta baimen honek 2 urteko indarraldia izango du, egoitza berriztatu guztien moduan.

6) Babeserako erakunde publikoen zaintzapean 2 urtez egon ostean, iraupen luzeko egoitza-baimena lortzea, Kode Zibilaren arabera, eta nazionalitatea lortzeari dagokionez.

7) Adin nagusikoa izan aurretik dagokion egoitza-txartelaren bidez ez badira dokumentatu, irten direnetik urtebeteko epean, egoitza-txartel bat eskatu ahal izatea, legezko egoitzaren antzinatasuna aitortzeko; horrela, adingabea babes sisteman sartu zen datara ekarriko lirateke ondorioak, eta 2 urteko iraupena izango luke, 197. Artikuluan aurreikusitako baldintzak betez gero.

8) Era berean, proposatu da xedapen horiek aplikatzea 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, uneren batean, zegokien egoitza-baimena eskuratu ez zuten eta gaur egun oraindik ere egoera administratibo irregularrean dauden gazteei, gizarte-bazterkeria egoerari amaiera jartzeko asmoz.

Proposamen horien bidez, egungo Araudiaren gabeziak estali nahi dira. Izan ere, Espainiak sinatutako nazioarteko konpromisoak ez betetzeaz gain, hala nola Haurren Eskubideen Konbentzioari dagokionez, ez ditu betetzen Atzerritartasun Legearen 35. 7 artikulua, Adingabearen Babes Juridikoaren Legea edota Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak, ez baita Adingabearen Interes Nagusia lehenesten.

Egungo araudiak izapide administratiboak biderkatzen ditu, administrazioen arteko ardurek indarra galtzen dute, eta ez du balio haurren benetako beharrizanei modu eraginkor eta arin batean erantzuteko. Hauek dira haur eta gazteak erabateko babesgabetasun egoerara eramaten dituen arazoetako batzuk: lan egiteko adinean dauden gazte migratzaileei lan-baimena automatikoki ez ematea, enpresa-sektoreari eta gazteei lan-baimena eta osteko kontratazioa lortzeko eskatzen zaien tramitazioa, tutoretzapeko gazteentzako urtebete soilik irauten duen egoitza-baimena eta hori berriztatzeko arazoak, inskripzio-zedulak lortzeko zailtasunak eta hori izapidetzeko lurralde bakoitzean dauden desberdintasunak, eta jatorriko herrialdeetako Agintariek emandako nortasun agirien baliozkotasuna ez aitortzea.

 

ERAKUNDE SINATZAILEAK

Aldeas Infantiles SOS, Alucinos la Salle, Atzerritartasun arloko Abokatuen Espainiako Elkartea, Noves Vies Elkartea, Asociación Pro Derechos de la Infancia (Prodein), Progestión Elkartea, Caritas, Col.lectiu Hourria, Errefuxiatuei Laguntza emateko Espainiako Batzordea (CEAR), Errefuxiatuei Laguntza emateko Euskadiko Batzordea (CEAR), Auzo Koordinakundea, Plataforma Sozial Salestarren Estatuko Koordinakundea (CEPSS), Obrim Fronteres Koordinakundea, Gurutze Gorria Gazteria, Andalucía Acoge Fundazioa, SOS Arrazakeria Estatu mailako Federazioa, Raíces Fundazioa, La Merced Migraciones, Plataforma de Infancia, Pueblos Unidos – Servicio Jesuita a Migrantes, Save the Children, UNICEF España, Voluntarios por otro Mundo, Wasata Sans Frontières.

 

Leave A Comment