Gaztelania | Euskera

Azaroak 5: “Zaintzaileen Nazioarteko Eguna”

Gaurko egunak beste batzuk zaintzeaz arduratzen diren pertsonak ospetsu bihurtzen laguntzen digu: senideak, lagunak, profesionalak eta boluntarioak. Hau da, intentsitate edo modu ezberdinez gizakiok gure bizitza-ibilbidean dugun zainketen beharra gogoan izaten eta zaintza-lanen gaineko ardura guzti-guztiona dela gogoratzen laguntzen digu.

            Zaindu gaituzten pertsonengan pentsatzen dugunean, emakumeengan pentsatzen dugu: amak, amonak, arreba-ahizpak, emakumezko bizilagunak, lagunak… Gizarteak haiengandik espero zuenari mendez mende jarraipena emanez, doan eta modu esklusiboan, familiako kide guztiez arduratu zirenak dira, familiako kide haien gaineko ongizatea beren desio edo beharren gainetik jarrita.

Ez al zen haien alabek edo emakumezko bilobek ikasteko, prestatzeko eta lan-merkatura sartzeko aukera izatea beren etorkizunerako adin handieneko emakumeek desio zutena? Ez al ziratekeen haiek izango, neurri handi batean, hori guztia gauzatu ahal izateko erraztaile nagusiak? Haien alabek bizitza hobea eta aukera berriz betetako etorkizuna izan zezaten egindako ahaleginak ikusezin geratu izan dira eta daude oraindik ere eguneroko hamaika zereginen artean. Gune pribatuan naturalizatuta eta ezkutuan egon den bitartean, esparru sozialean baztertuta eta gutxietsita geratu da.

Hona hemen mahaigaineratu nahiko genituzkeen gai batzuk: Zainketak bizitzari eusteko oinarrizko elementuak direla onartzen badugu, emakume horiek ez daudenean… Nork eta nola eskainiko ditu zainketak?, nork eta nola zainduko ditu emakume horiek? Bestalde, nola bizi dute emakume gazteenek?, zer tokitan geratzen dira erantzukizunaren, aukeren, indarren, mugen, erruaren eta abarren aurrean? Nola birplantea dezakegu zainketen gizartea?

Eustatek prestatutako azken datuen arabera, EAEn, etxeko eta zaintzako lanak emakumeek egiten dituzte etxeen % 67,2an, eta aldiz, gizonezkoak dira lan horiek egiten dituztenak % 32,8an. Gizonezko kopurua igotzen ari den arren, zaintza adingabeei lotuta dagoenean gertatzen da hori batez ere. Ez da gauza bera gertatzen adinekoak eta/edo mendekoak direnean.

Euskadin, 100.000 pertsona baino gehiago dago mendekotasun-egoera berezian. Talde handiena eguneroko bizitzako jarduerak egiteko beste pertsona batzuen zaintza behar duten adinekoek osatzen dutena da. Kasu gehienetan, beren etxean bizi dira eta senide bat izaten da zainketa horiek eskaintzen dituena (gehienetan, emazteak eta alabak). Zaintzailearen profila 55 urte inguru dituen emakumezkoak osatzen du.

Gaur egun, “zaintzaile nagusiak” deitzen zaienez hitz egitea oraindik ere batez ere emakumeez hitz egitearen pare da; zaurgarritasuneko egoera handienean dauden pertsonak familia baitan zaintzeaz arduratzen dira modu esklusiboan modu isil eta ikusezinean, eta oso egoera delikatuei aurre egiten diete urteko 365 egunetan. Horrek guztiak beren eta ongizatean eragina izaten du zalantzarik gabe.

Badakigu ondo zaindu ahal izateko oinarri garrantzitsu bat dagoela: ondo egotea. Horregatik, zaintzaileengan pentsatzen dugunean, haien behar eta zainketetan pentsatu beharra dugu. Hau da, haien autozaintzan, baina baita egoerek eskatzen duten ahaleginaren birbanaketan ere.

Zaintzak partekatzea da besteekiko interesa erakusteko modurik nabarmenena. Harremanak humanizatzea esan nahi du. Zaintzaileentzako “atsedenerako” denbora eskaintzen duten edo boluntarioek egiten dituzten laguntza-lanetarako Esku-Onetan proiektuaren moduko esperientziak zainketan parte hartzeko moduak dira eta horiexek berak dira Cáritasen bizitzako eguneroko taupadak.

Zainketak lantzeko moduan eredu-aldaketa datorrela jabetuta amaitu dugu eguna. Eredu berri horretan, erabat errepikaezina izango da zainketa horiek emakumeen esku modu esklusiboan eta doan uztea.  Pertsona guztien zaintzarako eskubidea bermatzen duen eredu berria eraikitzeak botere publikoen konpromiso irmoa eskatzen du gizarte osoaren parte-hartzea eta baliabide egokiak eskaini ahal izateko. Hala, zaintzaileen egunak guzti-guztiok barneratuko gaitu eta zainketa bizitzarekiko errespetuaren eta elkartasunaren adierazpide bihurtuko da.

 

Teresa González

Edadetuen eta Zahartze Arloa 

 

Leave A Comment