Gaztelania | Euskera

«AUZOLANA II» BABESLETZA KOMUNITARIOKO ESPERIENTZIA PILOTUAREN EBALUAZIOA

Eusko Jaurlaritzak, errefuxiatuei erantzunak emateko konpromisoaren parte gisa, auzolana II ekimena bultzatu du, Euskadin babes komunitarioko esperientzia pilotu bat abian jartzeko.

2016ko irailaren 20an, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Kanadako Gobernuak Errefuxiatuen Babesletzarako Ekimen Globala (GRSI ingelesez) aktibatzea hitzartu zuten, mundu osoko errefuxiatuen babesletza komunitarioaren eredua sustatzeko.

Babesletza komunitarioak aukera ematen die herritarrei zuzenean parte hartzeko errefuxiatuei abegi egiteko eta integratzen laguntzeko lanean. Babesletza komunitarioko taldeek konpromisoa hartzen dute heldu berri diren pertsonei laguntza emateko (gizarte-laguntza, laguntza materiala eta finantza-laguntza), komunitate berrian integratzen diren bitartean. Une honetan, gatazken eta jazarpenaren ondorioz munduan desplazatutako pertsonen kopurua inoiz baino handiagoa denez gero (70 milioi baino gehiago), inoiz baino premiazkoagoa da nazioarteko babesa behar duten pertsonentzat legezko sarbideak babesteko, ugaritzeko eta dibertsifikatzeko erantzukizuna partekatzea.

Horregatik guztiagatik, eta errefuxiatuei erantzunak emateko konpromisoaren barruan, Eusko Jaurlaritzak «Auzolana II» ekimena bultzatu du, Euskadin babesletza komunitarioko esperientzia pilotu bat abian jartzeko. Proiektu pilotua 2019ko martxoaren 26an jarri zen martxan. Euskadira 29 errefuxiatu iritsi ziren (bost familia, eta horien artean 16 adingabeko), guztiak nazionalitate siriarrekoak baina Jordaniatik etorriak. Euskadira iristean, boluntarioen bost taldek («babesletza komunitarioko tokiko taldeak» deitzen direnak) egin zieten abegia, eta bost udalerritan ezarri
zituzten: Bilbo, Arrigorriaga, Portugalete, Andoain eta Gasteiz. Boluntarioen tokiko bost taldeek Bilboko, Andoaingo eta Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen eta Arrigorriagako eta Portugaleteko Ignacio Ellacuría Gizarte Fundazioaren babesa eta estaldura dute, horiek baitira esperientzia pilotuaren koordinazioaz eta jarraipenaz arduratzen direnak.

EAEko babesletza komunitarioko programa (Auzolana II), zeina Kanadako programan oinarritu baita, erantzukizunaren eta ahalegin bateratu eta partekatuaren eredua da, denon artean errefuxiatuen desplazamenduei erantzuteko, modu eraginkorrago, zuzenago eta bidezkoago batez. Programak erantzunkidetasun publiko-soziala eta elkartasun politikoa, publikoa eta herritarra azpimarratzen ditu, eta, gainera, tresna pedagogiko eta sentsibilizatzaile oso indartsua da, parte-hartzaileak esperientziaren benetako eragile dibulgatzaile bihurtzen baititu.

(Hemendik aterata: «AUZOLANA II» BABESLETZA KOMUNITARIOKO ESPERIENTZIA PILOTUA. EBALUAZIO-TXOSTENA. Eusko Jaurlaritza)

 

DOKUMENTARAKO ESTEKA

 

Leave A Comment