Gaztelania | Euskera

Arraza-diskriminazioa desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gaur, 2021eko martxoaren 21a, arraza-diskriminazioa desagerrarazteko nazioarteko eguna da. A priori, pertsona guztiok daukagu diskurtso egokia gai horren inguruan. Legearen eta egokitasunaren esparruan kokatzen den diskurtsoa da.

Berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak nazioarteko zuzenbide modernoan jasota agertzen dira, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta Nazio Batuen Gutuna barne. Giza eskubideen nazioarteko itun nagusi bietan ere agertzen dira, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalena, eta Eskubide Zibil eta Politikoena, baita nazioarteko hainbat itun, konbentzio eta bestelako tresnetan ere.

Hala ere, gaur egun aurkitzen dugun errealitatea beste bat da. Errealitate horretan, eskubideen urraketak gertatzen dira, eta, sarritan, modu inozentean hasten dira, mikroarrazismoen bidez. Eguneroko espresio xumeak dira, testuinguru kultural jakin batean kokatuak, eta etnia edo arrazan oinarritutako diskriminazioak betikotzen dituzte.

Eguneroko komunikazio-mailara bagoaz, denok entzuten ditugu horrelakoak: “es una merienda de negros”, “no hay moros en la costa” edo “parece una gitana”. Lehena kaosa eta desastrearekin identifikatu ohi da, bigarrena mehatxuren batekin, eta hirugarrena zikinkeriarekin edo itxura zarpaila izatearekin. Hau da, espresio horiek kutsu negatiboa eta arrazista dute. Egia da espresio horiek aspaldi erabiltzen hasi zirela, eta garai eta egoera desberdinak izango zirela, baina egia da, baita ere, ideia batzuk oso barneratuta eta normalizatuta ditugula, eta ez digutela onik egiten.

Bestalde, ezaugarri fenotipiko desberdinak dituzten pertsonei beti galdetu ohi zaie ea nongoak diren, atzerritarrak izango direla suposatuz. Hori egin beharrean, munduaren globaltasuna eta aniztasuna onartu beharko genituzke. Gainera, galdera horrekin, askotan, pertsona “gure taldetik” kanpo kokatzen dugu, “gurea” ez den esparru batean.

Bauman soziologoaren arabera, atzerritarren aurrean beldurraren emozioa izaten dugu, gure gertuko eremuan sortzen duten desordena-sentimenduarekin lotuta. Horrekin, gure sentsazioa da “beste pertsona” horiek direla ezarritako ordenara egokitzen ez direnak. Horrek estigmatizazioa dakar, eta pertsona atzerritarra “neutralizatzeko” saiakera.

Une horretan, aurreiritzi eta estereotipoek indarra hartzen dute. Pertsona talde bati esleitzen zaizkion ezaugarriak dira, ezaugarri komun batzuk dituztelako.

Denok ditugu aurreiritzi eta estereotipoak. Gai hori behin eta berriro aipatzen dugu “Argi Ibili, No te EnCalles” proiektuaren saioetan (zurrumurruen aurkako Caritas Bizkaiaren estrategia). Arazorik handiena sortzen da aurreiritzi eta estereotipoek diskriminazio egoeretara eramaten dutenean. Izan daiteke, gainera, itxura, jatorri edota erlijio desberdineko pertsonen aurkako indarkeria justifikatzea.

Pasa den urtean George Floyd izeneko mutila hil zuten AEBetan, esaterako, eta horrelako kasuak entzuten ditugunean, pentsatu ohi dugu gure gizartean ez litzatekeela horrelakorik gertatuko, eta Black Lives Matter mugimenduarekin bat egiten dugu, sare sozialak elkartasun mezuz betez. Hala ere, ez gara kontziente gure herrialdean ere badagoela arrazakeria. Esaterako, Marius Makon aktorea gosaria eskatzen ari zen taberna batean, eta emakume batek modu txarrean esan zion ez zuela bere atzean beltzik ikusi nahi.  Eraso egin zion, botila batekin jo, eta zera oihukatu zion: “Zuria naiz, hil egin zaitzaket, eta ez da ezer gertatuko”. Hitzezko erasoak edota eraso fisikoak izaten dira autobusetan edo metroan, beltzen edota itxura desberdinak duten pertsonen aurka.

http://www.bizkeliza.org/eu/barria/migrazinoetarako-mahaiaren-deia-arrazakeriarenaurkaegin/

Leave A Comment