Gaztelania | Euskera

Aniztasunak hobe egiten gaitu

Maiatzaren 21ean ospatuko da Elkarrizketa eta Garapenaren aldeko Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna, eta, horren harira, Caritas Bizkaian aniztasunaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, horixe baita Frantzisko Aita santuak proposatzen digun elkartze-kulturaren fruitua.

Emigratzaile izan ginen herrialde honetan. Guraso eta aiton-amonen historiak entzunez hazi ginen; izan ere, urrunera joan behar izan zuten beren familien ongizatea bermatu ahal izateko, eta beste hizkuntza, erlijio, ohitura eta kultura batzuk ezagutu zituzten. Itzuli zirenean ez ziren berdin sentitzen, seguru. Migratzeak despedidak eta dolua eragin zizkien, seguru. Zailtasunak izango zituzten bidean, jakina; bakardadea, egokitzeko ezintasuna… Baina, migratzeari esker ireki ahal izan zituzten begiak; migratu zutelako ezagutu ahal izan zuten mundua; hizkuntzak ikasi zituzten, eta jakintzak partekatu. Beste pertsona batekin elkartzeak interpelatu egiten gaitu, zalantzan jartzen ditu gure usteak eta aberastu egiten gaitu. Zaila da bide hori egin eta inolako aldaketarik ez jasatea.

Duela hamarkada batzuetatik hona, immigrazio-herrialde ere bilakatu gara. Munduko hamaika bazterretako pertsonak iristen dira gure auzoetara, beren motxilan gure arbasoen beldur eta desira berberak dakartzatelarik. Gure hizkuntzak dira orain haien belarriei arrotz zaizkienak, eta gure tradizioak jakin-mina eragiten dietenak. Gaitzespenak eta aurreiritziek arriskuan jartzen dute elkarbizitza, baina ezin ahaztu dezakegu harrera-jendarte ere bagarela. Historia errepikatu egiten da.

Eta kasu bietan, migratzaile izan zein migrazioa hartzen duen herrialde izan, aniztasuna da elkartze horren emaitza; norabide biko prozesua da, eta aberastu egiten du beti, nahiz eta batzuetan ezberdin egiten gaituzten alderdiei erreparatzen tematzen garen.

Kultura aniztasuna aberastasun-iturria da. UNESCOren arabera, gizadiaren ondare komuna da, eta bakea eta garapena sustatzeko aukera bikaina ematen digu. Irina Bokovaren hitzetan (UNESCOren zuzendari nagusia), garapen helburuak lortzeko bitarteko baliotsua da; pobreziari aurre egiteko, genero-berdintasuna sustatzeko, kalitatezko hezkuntza bermatzeko zein giza-eskubideen alde borrokatzeko.

Kultura aniztasuna sormenaren eta berrikuntzaren bermea da, jakintzak aprobetxatzea baitakar eta, ondorioz, elkarrekin munduaren erronkei erantzun berriak bilatzea. Elkar aitortzearen eta elkarrekin eraikitzearen emaitza da aniztasuna. Erronka zaila dirudi ezberdin egiten gaituzten gauzak onartzea eta zilegi bihurtzea, baina errespetua eta tolerantzia sustatzeko aukera ematen digu (besteak beste), eta horiek ezinbestekoak elkarbizitzarako.

Horregatik, Caritas Bizkaian aniztasuna ospatu nahi dugu, gure auzo eta komunitateak aberasten dituelako, eta lan egiten jarraituko dugu jendarteak ondasun komun gisa uler dezan aniztasuna, eta ez arazo gisa. Erakunde honetan, Argi Ibili, No te encalles estrategiaren bitartez aniztasunaren aukerak azpimarratzen jardun dugu 2012. urtetik, norbanako zein kolektibo gisa hazteko bidea ematen baitigu. Frantzisko Aita santuak dioenez, pertsona migratzaile eta errefuxiatuei harrera, babesa, bultzada eta integrazioa eskaintzea senidetasuna, elkartasuna eta justizia bultzatzea da, eta, horrela, ateak irekitzen dizkiogu kultura, hizkuntza, sinesmen, musika eta ohituren nahasketari. Horiek oinarri hartuta, indartsuago egingo dugu aurrera. Ezaguna denari beldurrik izan behar ez zaiola uste badugu soilik, ezezagun den haren bila irteten bagara soilik lortuko dugu  jendarte kohesionatuagoa eraikitzea, eta horretarako ezinbestekoa da inor alde batera ez uztea eta kide guztien gaitasunak aprobetxatzea, jatorria edozein delarik ere. Hori izango da giza mugikortasunaren aldeko gure aldarria, egunen batean kultura ezberdinak elkarrekin harmonian bizi direla ikusi ahal izateko.

Leave A Comment