Gaztelania | Euskera

CÁRITASekin harremanetan jarri nahi baduzu, 94 402 00 99 telefonoan egin dezakezu.

Alkartasuna beti zabalik

Caritas Bizkaiak “La solidaridad no cierra. Alkartasuna beti zabalik” kanpaina jarri du martxan, une zail hauetan boluntario-sare antolatuen bidez elkartasuna sustatzeko.

Horren bidez, une kritiko hauetan elkartasun antolatua bideratu nahi da; kristau komunitateari eta, orokorrean, herritar guztiei dei eginez, administrazio publikoekin koordinatuta lan egiteko.

Caritas Bizkaiak gogorarazi nahi digu etxean geratzeko eta kontuz ibiltzeko unea dela, baina gure elkartasun balioak ez ditugula ahaztu behar, eta, ahal dugun moduan, gure inguruko pertsona babesgabeei laguntza eman behar diegula.

Kanpaina hau Eusko Jaurlaritzak (Guztion Artean) eta Bizkaiko Foru Aldundiak (#bizkaiagara) elkartasun sareak sortzeko martxan jarritako ekimenekin koordinatuko da.

 

Kanpainaren webgunea

Zabalkunderako, web eremu espezifikoa daukagu, www.lasolidaridadnocierra.eus eta www.alkartasunabetizabalik.eus. Horren bidez, laguntza behar duten zein beren burua eskaintzen duten pertsonentzako informazio zehatza dago jasota.

Era berean, webgune horretan dago Bizkaiko Foru Aldundiak (Bizkaiagara) zein Eusko Jaurlaritzak (Guztion Artean) sustatutako sare solidarioekin harremanetan jartzeko informazioa.

Webgunean baliabide berriak gehituko dira, kanpainaren helburuak lortzeko asmoz.

 

Emango den laguntza

Une bereziki zail hauetan, kanpainaren oinarria laguntza ematen duen eta jasotzen duen pertsonaren arteko hurbiltasuna izango da. Administrazio publikoek bideratutako ekimenekin elkarlanean arituko gara, denon artean indarrak batu eta ekintza solidario antolatua garatzeko.

Honakoak dira aurreikusitako ekintzak:

  • Eguneroko beharrizanak estaltzeko laguntza

o Oinarrizko hornidurak (elikagaiak, higiene eta garbiketa produktuak eta bestelakoak).

o Zarama jaistea.

o Osasun Txartelean jasotako medikamentuen bila joatea.

o Maskotak zaintzea (paseatzera ateratzea, albaitariarenera urgentziaz eramatea).

  • Bakarrik dauden pertsonentzako laguntza telefonikoa

o Caritas Bizkaiaren bidez, boluntario batek telefonoz deituko die apur bat hitz egiteko beharra duten pertsonei, informazioa emateko, lasaitzeko… konfinamendu egoera mantentzen den bitartean.

o Neurri hori, gainera, lagungarria izan daiteke administrazio publikoekin elkarlanean estali daitezkeen bestelako beharrizanak identifikatzeko.

o Pribatutasuna errespetatzen da, eta bakoitza bere etxean egotearen lasaitasuna mantentzen da, bai boluntarioarentzat, baita laguntza jasotzen duen pertsonarentzat ere.

  • Kanpainan parte hartu dezaketen pertsonak identifikatzeko laguntza

o Kanpainaren zabalkunderako laguntza ere eskatu nahi dugu; horrela, ahal beste handituko dugu boluntario zein hartzaile kopurua.

 

Sare solidarioa

Caritas Bizkaiak testuinguru honek sortu digun erronka solidarioa onartu nahi du. Denon laguntza beharko dugu, beraz, boluntariotza eremuan daukagun esperientzia eman nahi dugu.

Laguntza solidario mota bakoitzerako beharrezko profilak:

  • Eguneroko beharrizanetarako laguntza

o Profila: pertsona asintomatikoa, 17 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa, patologia kronikorik gabekoa (diabetesa, kardiopatiak, arnas gutxiegitasuna, immunosupresore bidezko tratamendua, eta abar).

o Denboran zehar konpromiso egonkor bat izatea, pertsonaren etxean laguntza eman ahal izateko (egunero, astean bitan edo hirutan… kasuaren arabera).

o Beharrezko segurtasun neurriak hartzeko prest egotea, Osasun Sailak ezarritakoaren arabera.

o Planean parte hartzen duen erakunde baten mende geratzea, hala nola Caritas Bizkaia. Zentzu horretan, boluntario lanerako laguntza jasoko duzu.

  • Bakarrik dauden pertsonentzako babes telefonikoa

o Pertsona batekin modu egonkorrean telefono bidezko harremana mantentzeko konpromisoa (egunero, astean bitan edo hirutan… kasuaren arabera).

o Boluntario lanean laguntza jasotzeko prest egotea.

 

Sare sozialen bidezko dei solidarioa

Caritas Bizkaiak sare sozialen bidez kanpainaren zabalkundea egitera gonbidatu nahi zaitu, baina ez hori bakarrik: zure esperientzia solidarioak partekatu ditzakezu, #lasolidaridadnocierra #alkartasunabetizabalik traolak erabiliz. Horrela, jendearen alde egindako ekintzak ikusaraziko dituzu, eta gizarte solidario baten partaide garela sentiaraziko duzu.

Denok izan gaitezke elkartasun sareko kide. Lasaitasun eta konfiantza mezuak zabalduz, indarra eman ahal diogu gure inguruko jendeari, egoera hau gainditzeko gai garela ikusaraziz. Orain, inoiz baino gehiago, babesgabetasun egoeran dauden pertsonek gure laguntza behar dute.

Eskerrik asko zure laguntzagatik. Zurekin, bagara.

Informazio gehiago: 665 72 38 96 komunika@caritasbi.org

Leave A Comment