Gaztelania | Euskera

Bakearen Nazioarteko Eguna da. Hausnartzeko gonbidapena

Gaur, irailak 21, Bakearen Nazioarteko Eguna da. Hala ezarri zuen Nazio Batuen Erakundeak, Bilera Nagusian, 1981ean. Bi hamarkada beranduago, 2001ean, egun hori “Indarkeria ezaren eta su-etenaren eguna” izendatzea erabaki zuten, aho batez.

Beraz, egun hain berezia izanik, garrantzitsua da bakean bizitzearen garrantziaz hausnartzea eta gogoratzea munduko herrialde askotan utopia hutsa dela hori. Gatazkak modu positiboan kudeatzen ikasi behar dugu, ulertuz horiek ere bizimoduaren parte direla, eta berezko ditugula gure sozializazio-prozesuan.

Gatazkak aukerak izan daitezke egoerak eraiki eta eraldatzeko; edo atsegin ez ditugun horiek deseraikitzeko, eta gure egunerokoan ongizatea sortuko duten beste berri batzuk eraikitzeko. Hala ere, gatazkak ondo kudeatzen ez badira, arazoa konplikatuz joaten da. Orduan, gizakion arteko interakzio pozgarri eta produktiboa lortu nahi hori ezinezko bihurtzen da.

Gaurko egunez, gogoan hartu nahi ditugu une honetan munduan aktibo dauden gerra gatazka guztiak. Horietako asko luze irauten ari dira, eta konponbidea ez dago gertu. (Gatazken mapa: https://escolapau.uab.cat/). Siriako gerra, esaterako, 2011n hasi zen. 400.000 pertsonatik gora hil dira horren ondorioz, eta bost milioi herritarrek baino gehiagok beren etxetik eta herrialdetik ihes egin behar izan dute.

Baina komunikabideetan hainbeste aipatzen ez diren beste gatazka batzuk ere badaude, hala nola Hego Sudanekoa edo Afrika Erdiko Errepublikakoa. Eta beste “gatazka ahaztu” batzuk, hala nola Malikoa, Kongoko Errepublika Demokratikokoa edota Somaliakoa. Kasu horietan, indarkeriaz gain, muturreko pobrezia, gosetea eta gaixotasunak dira azaroa, bereziki zigortutako lekuak baitira.

Honduras, Mexiko, Kolonbia eta Venezuelan ere, esaterako, ezegonkortasun politiko handia bizi dute. Kalean indarkeria handia dago, eta horrek herritar asko bertatik alde egitera behartzen ditu.

Askotan entzuten dugu atzerritarrak beren herrietara itzuli beharko liratekeela, batez ere iruditzen zaigunean harrera-herrialdeetan krisi ekonomikoak sortzen direla. Baina ahaztu egiten zaigu pertsona horiek bizia arriskuan jarriko luketela etorri ziren lekura itzulita.

Ulertu beharko genuke gerratik, pobreziatik, beldurretik eta minetik ihesi egindako bide horretan, pertsona “zauritu” horiek itxaropen bila ari direla, beren bizimodua bakean hasteko aukera baten bila.

Gerretatik ihes datozen anaia-arrebei harrera eginez ospa dezakegu Bakearen eguna, tolerantzia, errespetu eta anaitasunean oinarritutako komunitateak sortuz, aurreiritzi eta beldurrak alde batera utzita.

#bizitzazaintzen #cuidandolavida

Leave A Comment