Gaztelania | Euskera

BOLUNTARIOTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA

1985ean, Nazio Batuen Batzorde Nagusiak erabaki zuen abenduaren 5a Boluntariotzaren Nazioarteko Egun izendatzea. Ordutik, data hori gogoan hartzen dugu, boluntarioek gure gizartean eta mundu osoan egiten duten lana ikusarazi eta aitortzeko.

Caritasez hitz egitea boluntariotzaz hitz egitea. Boluntariorik gabe, Caritas ez litzateke Caritas izango.  Egun berezi honetan, boluntariotzaren inguruko mezua hiru hitzetan laburbildu nahi dugu: Zorionak. Eskerrik asko. Aurrera.

 

Zorionak errealitateari aurrez aurre eta benetan begiratzera ausartzeagatik.  Izan ere, gure inguruan “besterik gabe” instalatu da. Gero eta estimulu handiagoak behar ditugu zerbaitek gugan eragina izateko. Ezerk ez gaitu harritzen, eta, are gutxiago, hunkitzen. Baina, bat-batean, zuek agertzen zarete. Zuentzat errealitatea ez da pelikula baten modukoa. Ez duzue ikusle huts gisa geratzeko asmorik.   Errealitateak ukitu egiten zaituzte.

Zorionak, ez duzuelako tranparik egiten. Beste pertsona batzuen beharrizanei, egoera zail eta bidegabekeriei erreparatuta, ez duzue errealitatearen gogortasuna gozatzeko ahalegin faltsurik egiten.   Badakizue zerbait egin beharra dagoela, eta hala egiten duzue. Amets bat, utopia bat jarraitzen duzue: Senidetasuna zabaltzea, harremanak bidezkoagoak izatea, bazterkeria desagerraraztea; pertsona guztiei harrera egitea, datozen lekutik datozela ere; denbora eskaintzea…  Zoramena da. Baina ongi etorria izan dadila!!!

 

Eskerrik asko, lehiakortasunak eta indibidualtasunak agintzen duen gizarte honetan ez zaretelako interes pertsonalaren arabera mugitzen. Beste pertsonen alde lan egiteko interesak mugitzen zaituzte. Trukean ezer espero gabe ematen duzue, etengabe eguneratzen duzue esaldi hau: “Eman doan zuek doan jaso duzuena”. Ilusioz eta gogoz egiten duzue, egoera aldrebesten denean erori gabe… eta egoera aldrebesak egon badaude, zuek badakizue, eta horietatik ikasten saiatzen zarete, hobetzeko eta aurrera egiteko.

Eskerrik asko une bakoitzari balio berezia emateagatik, keinu txikiengatik… maitatzeko eta mundua mugitzeko duzuen gaitasunagatik. Giza harremanei dagokien samurtasuna emateagatik. Munduak ezer interesgarririk ikusten ez duen lekuan gizatasunaren balioa eta edertasuna baloratzeagatik.

 

Aurrera, ez delako erraza korrontearen aurka ibiltzea. Ahalegin handia eskatzen du. Batzuetan indarra falta zaigula sentitzen dugu, eta kosta egiten da nondik jo behar den jakitea. Horregatik, garrantzitsua da elkarri babesa ematea, taldean elkar zaintzea,  kontrasterako espazioa izatea, indarrak biltzeko, partekatzeko, zailtasunei buruz hitz egiteko, lortutakoak ospatzeko, gure Caritas izaera sendotzeko…

Aurrera, ekarpen txiki guztiak garrantzitsuak direlako. Elkartasun, senidetasun eta justizia keinuak batzeko garaia da. Elkar behar dugu eta elkarren osagarri gara. Egiteko gogorra da, baina elkarrekin gaudela jakiteak indarra ematen digu. Konpainia onenean baikaude.

 

Pandemia egoerak ondorio latzak ekarri ditu: Heriotzak, osasun-krisia, langabezia, zailtasun ekonomikoak, ziurgabetasuna, krispazio sozial eta politikoa, bakardadea, kaosa… Egoera honetan lehentasunezkoa da boluntarioen ekarpena: Errukia, zaintza-lana, babesgabetasunean laguntzea, loturak sendotzea, senidetasuna lantzea…

Horregatik guztiagatik, gaur inoiz baino gehiago esan nahi dizuegu: Zorionak, eskerrik asko, eta aurrera.

 

BIDEORAKO ESTEKA

 

Leave A Comment