Ukrainan gerra hasi zenetik, otsailaren 24an, Caritas Bizkaiak bat egin zuen Caritas Ukrainaren larrialdi-deiarekin, Nazioarteko Caritasen Sarearen bidez. Pertsona, enpresa, ikastetxe… bakoitzaren elkartasunari esker, gure lurraldera etorritako pertsonen harrera eta Ukrainako Caritasek eta herrialde mugakideetako Caritasek abian jarritako proiektuak babestu ditzakegu. Gerra aurretik pertsona ahulenen zerbitzura lan egiten zuten, eta gerra amaitzen denean ere lan egiten jarraituko dute.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu orain arte jaso dugun elkartasunagatik, 425.690,09 euro biltzen lagundu digutena. Zenbateko horretatik 309.790 euro Ukraina, Polonia, Moldavia eta Errumaniako Caritasek bultzatutako proiektu humanitarioak laguntzeko bidali dira. Gainera, 40.000 euro bideratu dira Eguzkilore Fundaziora, Derion egokitu duten egoitza-baliabidean hartutako errefuxiatuei laguntzeko. Gainerako zenbatekoa Ukrainako larrialdiari laguntzeko hurrengo etapetako beharrei erantzuteko erabiliko da. Laguntzaren xedea, kasu guztietan, premia handieneko egoeran dauden pertsonei (familia ugarien ardurapeko amak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ahulean dauden edadetuak) arreta emateko proiektuak laguntzea izan da, babes eta laguntza espezifikoa emateko.
Baina Ukrainako gerrak indarrean jarraitzen du eta 24 milioi pertsonak premiazko laguntza humanitarioa behar dute Ukrainan. Gure laguntza behar dute oraindik.
Caritas Bizkaia hasiera-hasieratik erakunde publikoekin eta gizarte-erakundeekin koordinatzen ari da, Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko. Kalkuluen arabera, 3.500-4.000 pertsona inguru iritsi dira Euskal Autonomia Erkidegora, horietatik 1.606 Bizkaira, eta dagoeneko izapidetu dute aldi baterako babesa. Caritas Bizkaiak eskaintzen duen babesa hurrengo hau da:
Eusko Jaurlaritzaren II. Kontingentzia Planaren barruan zenbait laguntza-lerro ezartzen dira, eta horiei buruzko informazioa 747 45 74 61 telefonora deituz edo errefuxiatuak@euskadi.eus helbidera idatziz eskura daiteke.
Caritas Bizkaian ‘Izan babesleku’ kanpaina solidarioa jarri dugu martxan, sentsibilizazio ekintzak eta babes solidarioko proposamenak eskaintzen dituena.