Noticia30/12/2021

Bilboko XVIII. Opil Solidarioa

XVIII. edizioa. Pandemia-garaian pertsona zaurgarriei ahotsa ematen dien opila.

«Bilboko XVIII. Opil Solidarioak» bazterkeria- eta pobrezia-egoerei buruz sentsibilizatzen jarraituko du pandemia-garaian, eta 1.200 errazio solidario banatuko ditu 2022eko urtarrilaren 5ean, asteazkenez, Plaza Barrian

Gaur, abenduak 30, Bilboko XVIII. Opil Solidarioa aurkezteko prentsaurrekoa egin da, 11:00etan, Caritas Bizkaiaren egoitzan. Honako hauek hartu dute parte: Carlos Bargosek eta Ana Sofi Telletxeak, Caritas Bizkaiaren aldetik; Rosa Pardok, Bilboko Zazpikaleetako Merkataritza, Ostalaritza eta Enpresen Elkartekoak; Pilar Alonsok, Bizkaiko Okindegien Elkartekoak; Nekane Narbaizak, Lapiko Catering enpresakoak; José Ramón Tarancok, LABORAL Kutxakoak, eta Amagoia Ormaetxeak, Engranaje Publicidad agentziakoak.

Edizio hau Bilboko Plaza Barrian egingo da, osasun-neurri zorrotzak betez, eta eramateko formatuan prestatuko dira opil-errazioak. Joan den urteko esperientzia kontuan hartuta, opil-zatiak eta txokolatea pack birziklagarrietan banatuko dira; horrela, jende-pilaketak saihestu eta opila geroago kontsumitu ahal izatea erraztuko da.

XVIII. edizio hau ere pandemiaren testuinguruan gauzatuko da, eta aurreko ekitaldietan bizi izandako esperientzia solidarioa jasota. Nolanahi ere, isiltasuna eta axolagabekeria pandemiaren albo- ondorioak izan ez daitezen saiatuko gara deialdi honen bidez.

Ondorio asko uzten ari da pandemia, osasunean ez ezik, gizartean eta ekonomian ere bai. Errealitate horri aurre egin nahi dio Caritasek, eta familia askoren, eta bereziki adingabe askoren, gizarte- zaurgarritasuneko egoera ikusarazi eta aldarrikatu. Oraindik ere, pobrezia belaunaldiz belaunaldi ez transmititzeko borroka eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dauden adingabeei aukerak eta baliabideak emateko ahalegina dira errege-opilaren kausa solidario nagusiak.

Caritas Bizkaiak, Alde Zaharreko Merkatari Elkartearekin elkarlanean, Bilboko opil solidarioaren XVIII. edizioa antolatu du. Bizkaiko Okindegien Elkarteak egingo du opila aurten ere, Lapiko Catering eta LogiFrío Bilbaorekin batera; bestalde, Café Iruña Catering-ek txokolate-errazioak banatzen lagunduko du, Kaikuk (esnea) eta Baquék (kakaoa) emandako osagaiekin. Ekitaldiak LABORAL Kutxaren babesa izango du, baita Engranaje Publicidad agentziarena ere, hedapen digitalerako; era berean, Caritas Bizkaiako dozenaka boluntariok hartuko dute parte, eta horiek arduratuko dira ekitaldia antolatzeaz.

«Bilboko XVIII. Opil Solidarioak» webgune hau prestatu du informazioa emateko: www.rosconsolidariobilbao.org.

Opil solidarioak 300 kilogramotik gorako pisua izango du. Opila prestatzeko errezeta tradizionala erabiliko da, eta osagai hauek: 140 kilo irin, 25 kilotik gora azukre, 37 kilo gurin, 55 dozena arrautza, 13 litro laranja-lorezko ur, 13 kilo legamia, 20 kilo fruta melatu dekoratzeko eta 3 kilo gatz

Ez dut COVID-19rik, baina…

Pobrezia larria areagotu egin da, eta 130.000 pertsonari baino gehiagori eragiten die Euskadin. Gabezia larriko arazoen sailkapenean honako hauek dira euskal herritarren artean hedatuenak: gastuak murriztu beharra eta oinarrizkoenei aurre egiteko ezintasuna, etxebizitza ordaintzeko ezintasuna eta energia-kostuei erantzuteko ezintasuna.

Gainera, 2020an gora egin dute arazo ekonomikoei aurre egin ahal izateko beren jabetzak saldu edo etxebizitza edo eskola aldatu behar izan duten familien kopuruak. Pandemian zehar, nabarmen okertu dira seme-alaba adingabeak dituzten familien bizi-baldintzak, eta horren ondorioz areagotu egin da haurren pobrezia. Urte horretan, 14 urtetik beherako adingabeen %11,7a pobrezia egoeran egon da.

Hori argi eta garbi islatzen da Caritas Bizkaian: gure laguntza jasotzen duten pertsonen ia erdiak seme- alabadun familietakoak dira (6.200 pertsona baino gehiago), eta horietatik 2.700 inguru guraso bakarreko familietakoak. Gure ekintzarekin 3.200 haur baino gehiago babesten ditugu Bizkaian.

 

Opilaren jatorria

Bilboko Opil Solidarioaren ekimena Caritas Bizkaiak jarri zuen martxan 2005ean, gizartea haur eta gazteen bazterkeriaren eta pobreziaren aurkako borrokan inplikatzeko. Horien arrazoien inguruan sentsibilizatzea da ekimenaren helburua, baita garatzen dituen proiektuak babesteko funtsak biltzea ere, adingabe horien bizi-baldintzak hobetu ahal izateko.

Deialdia

Urtarrilaren 5ean, asteazkenez, 10:00etatik 14:00etara, Plaza Barrian, ordutegi jarraituan. Informazio orokorra hemen: www.opilsolidarioabilbo.org/

Dokumentazio gehigarria

ARGAZKIA

prentsa oharra

bideoa