Noticia24/08/2022

Ukraina, sei hilabeteko gerra

Caritasen parte-hartzea erakundeen arteko mahaian eta Caritas Internationalis-en deia

Caritasen parte-hartzea erakundeen arteko mahaian

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik 6 hilabete pasa direnean, erakunde arteko mahaia bildu da gure lurraldera iritsi diren ukrainarren egoerari erantzuna emateko egindako jardueren balantzea egiteko. Lehendakaria buru dela, Eusko Jaurlaritzako sailak, gobernuaren ordezkariak eta gizarte-erakundeek –Cáritas barne– programak berrikusi dituzte, eta egungo egoera aztertu dute. Erakunde arteko mahaiak aktibo jarraitzen du, eta irailean beste bilera batera deituko zaio.

 

Caritas Internationalis-en deia

Ukrainan gatazka hasi zenetik sei hilabete bete diren egunean, Caritas Internationalis erakundeak bakearen aldeko beste deialdi bat jarri du abian, gerrak giza bizitzei dagokienez duen prezio handia eta tokiko nahiz mundu mailako ondorio larriak nabarmenduz. «Gatazka horrek denbora luzez iraun du» Caritas Internationalis erakundeko idazkari nagusi Aloysius John-en ustez, «baina, zoritxarrez, indarkeriari baldintzarik gabe amaiera emateko borondate politikoa falta da oraindik ere. Berehalako bakea behar dugu, azkenean ukrainarrei beren bizitzak eta herrialdea berreraikitzen hasteko aukera emango diena. Prozesu horrek, zoritxarrez, urte batzuk beharko ditu”. John-ek, halaber, gatazkak nazioartean eragindako inpaktu  suntsitzailea azpimarratu du: «Gerra hau aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko eta humanitario globala sortzen ari da, elikadura-segurtasunik eza dramatikoki handituz eta funtsezko ondasunen kostua izugarri igoz. Beti bezala, pobreenak eta zaurgarrienak dira prezio altuena ordaintzen dutenak”.

Gatazkaren hasieratik, herrialdean jarduten duten bi Caritas erakundeek (Caritas Ukraina eta Caritas Spes-Ukraina) laguntza humanitarioa eman diete herritarrei, 3,5 milioi pertsona baino gehiagori lagunduz. 2,8 milioi janari eta elikagai-pakete baino gehiago eta 900.000 higiene-kit baino gehiago banatu dira. 300.000 pertsona ingururi lagundu zaie etxebizitza topatzen. 100.000 pertsona inguruk botikak eta laguntza medikoa jaso dituzte. Aldi berean, laguntza psikosozialeko eta lege-laguntzako zerbitzuak bermatu dira. Caritaseko zentro askotan, adingabeentzako guneak ere prestatu dira, eta hezkuntza-programak eskaini dira.

Ondoko herrialdeetako (Polonia, Bulgaria, Errumania, Moldavia, Eslovakia eta Hungaria) Caritas erakundeak ere aktibo agertu dira gerratik ihes egiten duten milioika errefuxiatuei laguntza emateko eta eskaintzeko.

Caritasek berehalako erantzuna eman dio gatazkari. Hazten jarraitu du, eta herritarren gero eta behar handiagoetara egokitu da. «Gure eragiketak ez dira moteldu. Aitzitik, zabalago eta antolatuago bihurtu dira», Caritas Ukrainako Tetiana Stawnychy lehendakariaren ustez. “Lehenengo egunetan, bertako jendearen eskuzabaltasunak lagundu zigun, baina 19tik 37ra igo genuen gure zentroen kopurua, 448 parrokia-zentro ere inplikatuz. Zentro horietako bakoitzak etengabe lan egiten duten langileak edo boluntarioak ditu”.

Caritas Spes-Ukraina ere nabarmen handitu da gatazkaren sei hilabeteetan: tokiko 24 bulego ditu orain, eta herrialdeko 23 eskualdetan jarduten du, gatazka-areak barne. Caritas Spes erakundeko idazkari nagusi Vyacheslav Grynevych aitak Caritas Konfederazioak eta bertako ongileek eskainitako laguntza baliotsua nabarmendu du. “Gerrako sei hilabete hauetan aurpegi hondatu asko eta historia dramatiko asko entzun ditugu, baina elkartasunari esker gure lanarekin jarraitu ahal izan dugu”.

Gaur egun, bi Caritas erakundeak datorren negurako prestatzen ari dira, herrialdeko zona askotan pertsona ugariren bizitza arriskuan jarriko duelako etxebizitzetako eta azpiegituretako kalteak larriak eta erregairik eza direla-eta.