Berriak17/03/2025

Topaki 2025: Itxaropenez eta konpromisoz beteriko topaketa Bilbon

Joan dan martxoaren 15ean, larunbata, Bilbon ospatu zen Topaki, Caritas Araba, Caritas Gipuzkoa eta Caritas Bizkaia batzen dituen Caritas Euskadiren boluntarioen urteroko topaketa. Oraingoan, anfitrioia Caritas Bizkaia izan zen, eta ekitaldiak Bilboko Elkarte Filarmonikoan eta Escolapiosen egin ziren.

 

Itxaropena gizartea eraldatzeko eragile gisa lelopean, Joseba Segura gotzaina eta Maite Sebal, Caritas Euskadiko presidentearen hitzaldiekin inauguratu zen jardunaldia. Ekitaldi nagusia “Esperantzatik lagunduz” hitzaldia izan zen, Ana Abril Espainiako Caritaseko Intzidentzia Politikoko taldeko koordinatzailearen eskutik. Bere aurkezpenari esker, pertsonaz pertsonako laguntzan, komunitate-loturak sortzean eta Caritasek egunez egun partekatzen ditugun hainbat eta hainbat pertsonaren eskubide-urraketak eragiten dituzten egitura sozial eta politikoak eraldatzen laguntzean aurkitzen diren aukerak eta erronkak zeharkatu ahal izan genituen.

Topaketari amaiera emateko, Etorkizuna Musikatan taldeak emanaldi hunkigarria eskaini zuen, haur eta nerabeei zuzendutako gizarte-, hezkuntza- eta kultura-arteko proiektua, musikaren bidez inklusioa eta ikaskuntza sustatzen dituena. Oraingoan, Bilboko Ganbera Musika eta Abesbatza Elkartearen laguntza izan zuten, itxiera zirraragarri eta hunkigarria eskainiz.

Familia-argazki tradizionalaren ondoren, jardunaldiak Escolapios-en jarraitu zuen, Lapiko Catering-ek lagunduta, elkarrizketarako eta bizikidetzarako guneekin. Datozen egunetan, ekitaldiaren eduki osoa gure webgunean egongo da eskuragarri, konpromisoz eta itxaropenez beteriko topaketa hau berpiztu nahi dutenentzat.

Topakiren hurrengo ediziorantz goazen bitartean, itxaropen-bideak sortzen eta zeharkatzen jarraituko dugu, pertsona guztiekin batera, batez ere ahaztuenekin.