Elena Unzueta, Caritas Bizkaiako zuzendari barria
Soziologoa eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide
Elena Unzueta Torre izango da Bizkaiko Caritaseko zuzendari irailetik aurrera. Jatorriz Zallakoa dan soziologo hau Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide da. Gaur egun eleiz erakundeko zuzendari dan Carlos Bargos Bilboko Gotzaitegiko Idazkaritza Nagusiaz eta Laikotzarako Idazkaritzako Zuzendaritzaz arduratuko da.
Joan dan otsailaren 7an, Bizkaiko Caritaseko Eleizbarrutiko Batzordeak, gotzainak eskatuta, martxan jarri eban erakundeko zuzendaritzan arduradun barria jarteko prozesua. Azterraldia amaitu ondoren, gaur emon da jakitera Gotzain Kontseilu zabalean eta erakundean bertan, datorren kurtsotik aurrera zuzendari izango danaren izena: Elena Unzueta. Ordura arte, Unzuetak HAZI Fundazinoan jarraituko dau, barrikuntzarako tekniko karguan.
Egundoko ilusinoaz hartu dau kargu barri hau eta bere esanetan, “fedetik pertsonen zerbitzuan aritzeko jaso leiken deirik politena eta pozgarriena da”. Esker ona adierazo deutso gotzainari beragan jarri dauan konfiantzagaitik “gaur egun hain beharrezkoa dan egitasmoan buru izateko”.
Emakume eraginkorra zerbitzu publikoan eta Eleizan
Elena Unzueta Zallan jaio zan, ezkonduta dago eta seme bi ditu. Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide da 2022tik hasita eta Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoaren sustapenerako taldean be badago. Arangueneko Sortze Garbia parrokiako aisialdiko taldeen ordezkari eta begirale be izan da.
Herriko zein lurraldeko politikari lotuta, alkateorde izan zan Zallan eta Jasangarritasun eta Inguru Naturalerako Foru Diputatu (2015-2021). Kontsumobide Kontsumorako Euskadiko Institutuko Zuzendari Nagusi be izan da (2013-2015). Besteak beste, Landa-eremuko Emakumeen Euskadiko Batzordeko Idazkari Teknikoa izan da eta Administrazino eta Lehiakortasun Turistikorako Eusko Jaurlaritzako Zuzendari. Carlos Bargosen lekua hartuz Caritas Bizkaiari eskainiko deutsan zerbitzua dala-eta, “prest dago bihotzez laguntzeko”.
Carlos Bargos, Idazkari Nagusi eta Laikotzarako Idazkaritzako Zuzendari barria
Gaur egun Caritas Bizkaiako zuzendari dana beti egon da Eleizbarrutiari lotuta. Hogei urtez Eleizbarrutiko ikastetxeetan jardun eban (Somorrostro eta San Viatorren) eta azken 11 urteotan Bizkaiko Caritas zuzendu dau. Kimikan lizentziatua eta Teologian diplomatua, ezkonduta dago eta seme bat eta alaba bat ditu. Muskizen bizi da eta Meatzaldeko Argi eta Gatz komunidadeko kide da.
Irailetik aurrera, Marisa Ariasen lekua hartuko dau Laikotzarako Idazkaritzan eta Juan Manuel Secorena Idazkaritza Nagusian. Azken honek beste erantzukizun bat izango dau Gotzaitegian.
ITURRIA: Bizkeliza.org