Noticia03/11/2022

Caritas Bizkaiak 3.646.000 eurora igo du gaur egungo krisiak kaltetutako familientzako zuzeneko laguntzen kopurua.

Caritas Bizkaiak 500.000 euroko aparteko diru hornidura egingo du oinarrizko premiei eusteko laguntzetarako, eta, horrela, 3.646.000 €-ra handitu du zuzeneko laguntzetarako aurrekontua.

Oinarrizko premiak asetzeko Caritasen laguntzen hartzaile diren pertsonak eta familiak egoera kritikoan daude une oro; hori dela eta, gaur egungo krisiak zailtasun gehiago sortzen dizkie egoera oso prekarioan bizi direnei. Diru-sarrerarik batere gabeko edo diru-sarrera nahikorik gabeko atalaseetan kokatutako familiak dira, eta, neurri handi batean, ez dute sarbiderik babes sistema publikoetara (etxebizitza, DBE-EPO, GLL), ez dituztelako horretarako administrazioak eskatzen dituen baldintzak betetzen.

Euskadin gizarte-desberdintasuna areagotzen ari den testuinguru honetan, uste dugu krisi horrek areagotu egingo duela diru-sarrera gutxien dituztenen eta oinarrizko ondasunei dagokienez gertatu den garestitzeari aurre egin behar dioten biztanleen prekarizazioa.

Familien erosteko ahalmenaren eta Caritasen dirulaguntzen estaldura ahalmenaren galera.

Erosketa saskiaren garestitzeak eragin handia du pertsonengan. Caritasek familia horiei eskaintzen dizkien laguntza ekonomikoekin gero eta zailagoa da oinarrizko erosketa saskia bermatu ahal izatea, nahiz eta COVID-19aren garaiaz geroztik etengabe ari garen handitzen laguntzen zenbateko ekonomikoak.

12.570 lagunek jasotzen dute Caritasen laguntza, eta horietatik 5.986 adingabeak dituzten familiak dira. Horiei egunerokoan ematen diegun laguntzak erakusten digu zer zailtasun dituzten egunez egun hilabete amaierara iristeko, eta hilabetea joan hilabetea etorri zer presio jasaten duten, erabaki behar baitute hornidurak eta etxebizitza ordaindu edo elikagaiak erosi.

Etxebizitza, arazo handia.

Antzeman dugunez, nabarmen zailagoa da gaur egun etxebizitza aurkitzea baldintza egokietan eta ekonomikoki jasangarria den moduan: lehen zaila bazen, are zailagoa da orain. Gure laguntzen hartzaile diren pertsonek ez dute etxebizitzarik aurkitzen baldintza ekonomiko egokietan, ezin baitituzte beren gain hartu etxebizitzaren prezioak eta horniduren gastuak. Etxebizitza bat alokatzeko eskatzen diren baldintzak, halaber, oso zorrotzak dira artatzen ditugun pertsona eta familientzat.

Horren ondorioz, familia batzuk etxebizitza merkeago bat bilatzen saiatzen ari dira, eta horrek areagotu egin du familiako kideen mugikortasuna.

Mugikortasun handi hori ez da ohikoa izaten adingabeak dituzten familietan, seme-alabei egonkortasuna eman nahi baitzaie, baina etxebizitzari eusteko eta hornidura gastuei aurre egiteko zailtasunak direla-eta, udalerri batetik bestera mugitzen ari dira familia horiek, ezinbestean.

Familiaren gehiegizko zorpetzea, biziraupen estrategia gisa.

Familia ahulenen estrategia nagusietako bat zorpetzera jotzea izaten da. Familien zorpetzeak gora egin duela hauteman dugu, bai zenbatekoei dagokienez, bai mailegatzaile kopuruari dagokionez. Kezkatuta gaude oso egoera horrek familietan epe labur edo ertainera eragiten dituen tranpa efektuekin; batez ere egoera kronikoan daudenengan, alegia, koiunturalak ez direnetan, familiak gero eta egoera okerragoetara bultzatzen baitituzte.

Egoera larri horren aurrean, Caritas Bizkaia ahalegin handiagoa egiten ari da krisi honek ez ditzan familia horiek bizitza duinerako aukerarik gabe utzi behin betiko eta ez dezan belaunaldiz belaunaldi pobrezia betikotu.

Familia horiek laguntza gehiago behar dute, bai eta denbora luzeagoan ere. Horregatik bultzatu du Caritas Bizkaiak aurrekontu zuzkidura ezohikoa, eta, horrekin batera, ekimen horren alde laguntza solidarioa lortzeko deialdia egin du.

Zure laguntza behar dugu

 

 

Banku transferentzia bidezko dohaintza

Dohaintza bat egin dezakezu banku-kontu hauek erabiliz:

FIARE Banca Ética : ES85 1550-0001-22-0000992222
BBK-Kutxabank: ES85 2095-0119-96-3800121037
Laboral Kutxa: ES25 3035-0134-48-1340555555
BBVA: ES96 0182-1290-30-0000295556
CaixaBank: ES93 2100-0732-21-0200220296
Rural Kutxa: ES85 3008-0266-51-2515538920
 

BIZUM bidezko dohaintza

BIZUM bidezko dohaintza bat egin dezakezu zure banku-entitateko aplikazioaren bidez:

Caritas Bizkaia bilatu eta 33514 kodea sartuz