Nota de prensa24/02/2022

Foessa Euskadi III. Txostena

FOESSAk eta Caritasek Euskadin COVID-19ak sortutako krisiaren gizarte-erradiografia osoa aurkeztu dute

Ondorio sozioekonomikoek 199.000 pertsona bazterketa-egoera larrian utzi dituzte eta Euskadin desberdinkeriaren arrakalak sakondu dira. Gizarte-haustura bost arrakala handitan oinarritzen da: jatorria, generoa, diru-sarrerak, adina eta teknologia

  • Gizarteratze-tasa altuak mantentzen dira, baina bazterketa-egoera larriak indartsu egiten ari dira gora. Dagoeneko 199.000 pertsona daude egoera horretan, beraz, Euskadin desberdinkeriaren arrakala sakonagoa da.
  • COVID-19ak lan-merkatua astindu du: 000 etxe ekonomikoki lan-ezegonkortasun larria duen pertsonaren mendekoa da.
  • Gizarte-haustura bost arrakala handitan oinarritzen da: diru-sarrerak, generoa, jatorria, adina eta teknologia.
  • Diru-sarrera handienak eta txikienak dituzten herritarren arteko aldea ehuneko 18tik gora areagotu da eta hazkuntza 2008ko krisian izandakoa baino handiagoa da.
  • Genero-arrakala guraso bakarreko etxeetan bereziki larria da, baldin eta buru emakumea bada. Talde horretan gizarte-bazterketaren eragina % 32 inguru da.
  • Burua atzerritarra den 10 etxetatik ia 6 bazterketa-egoeran dago.
  • 30 urtetik beherakoetan bazterketa-tasa batezbestekoa baino 1,5 aldiz gehiago da eta 65 urtetik gorakoetan baino hamar aldiz gehiago.
  • Itzalaldi digitalak zailtasun larriak dakarzkie 24 mila familiei.

 

 

«Exclusión y desarrollo social en Euskadi» (bazterketa eta gizarte-garapena Euskadin) izenburupean, Cáritasek eta Foessa Fundazioak (Fomento de Estudios Sociales y de la Sociología Aplicada) Bilbon pandemiak sortu duen lehenengo gizarte-erradiografia osoa aurkeztu dute.

Aurkezpena Raúl Flores Cáritasko azterketa-lantaldeko koordinatzaileak eta FOESSAko idazkari teknikoak, Ana Sofi Telletxea Cáritas Bizkaiko Gizarte Errealitatearen Behatokiko arduradunak eta Joseba Zalakain SIISko (Eguía Careagako Fundazioko Dokumentazio eta Azterketen Zentroa) zuzendariak egin zuten.

Ikerketa-lan honen emaitza nagusiei erreparatuz, gure erkidegoan gizarte-kohesioak inoiz ez bezalako “shocka” jasan du SARS CoV-2ren agerraldia dela bide jarduera ekonomikoak eta enpleguak izandako tentsioaren ondorioz.

Aurkeztutako txostena eta “Evolución de la cohesión social y consecuencias de la covid-19 en España” (gizarte-kohesioaren bilakaera eta covid-19aren ondorioak Espainian) txosten orokorra 10 unibertsitatea eta ikerketa erakundetako 30 ikerlarik garatu dute. Inkestetarako lantalde profesionala 150 pertsonak osatu dute, eta 90.000 ate baino gehiago jo ditu Estatuan eta 7.000 Euskadin. Hala, Estatuko ia 19.000 pertsonen eta Euskadiko 1.500 pertsonen informazioa jaso dute, Estatuko 7.000 etxeetan eta Euskadiko 600 etxetik gorakoetan.

Gizarteratze-tasa altuak mantentzen dira, baina bazterketa-egoera larriak indartsu egiten ari dira gora. Dagoeneko 199.000 pertsona daude egoera horretan, beraz, Euskadin desberdinkeriaren arrakala sakonagoa da

Euskadiko biztanleen % 16,3 gizarte-bazterketaren egoeran dago, hau da, gutxi gorabehera 6 biztanletik 1. 360.000 pertsona inguruk gizarte-bazterketa jasaten du, hots, bizi-baldintzetan dirurik ezak (pobrezia) baino gehiagok eragiten dute, besteak beste, honako hauek: enpleguarekin, diru-sarrerekin eta, beraz, kontsumo-gaitasunarekin arazoak; legezkotasunera, hezkuntzara, osasunera eta etxebizitzara iristea; gizarte-loturen arazoak, hala nola bakardadea edo gizarte-gatazka.

Ikuspegi globaletik, Euskadin gizarteratze-tasa altuak (% 56,5) mantentzen dira, baina sendo doaz gorantz bazterketa-egoera larriak, eta dagoeneko 199.000 pertsona daude egoera horretan. Talde horren barruan bereziki kezkagarria da ‘gizarte kanporatua’ (arazo gehienak dituztenak) deritzogunen egoera. Gizarte-bazterketa larriaren muturrean ageri dira. 2018. urtean 20.000 pertsona baziren, 2021ean 100.000tik gora iritsi dira.

Krisi honetan Euskadin desberdinkeriaren arrakala sakondu da, eta alderdi hori bereizgarria da. Covid-19aren kalteturik nabarmenenak pertsona eta familiarik ahulenak eta kalteberenak dira. Talde horiek dagoeneko krisiaren aurretik kalteberatasunaren eta gizarte-bazterketaren egoeran zeuden.