Campaña

2020 Eliza Gizalegezko Lanaren Alde

Eliza Gizalegezko Lanaren Alde ekimena

Gizalegezko lana defendatzeko konpromisoaren barruan, Eliza Gizalegezko Lanaren Alde ekimena sortu zen. Ekimen hori kristau-inspirazioko erakundeek eta entitateek osatzen dute: Espainiako Erlijiosoen Konferentziak (CONFER), Ekintza Katolikoko Langile Anaitasunak (HOAC), Justicia y Paz elkarteak, Gazte Ikasle Katolikoek (JEC), Gazte Langile Kristauek (JOC) eta Caritasek. Haren helburua da gizartearentzat ez ezik milioika pertsonen bizitzarako ere funtsezkoa den gai bati buruzko sentsibilizazio-, ikusgarritasun- eta salaketa-dinamikak bultzatzea: giza lana eta gizalegezko lanaren kontzeptua zabaltzea «gure erakundeen barnerantz, Elizarantz, eta, oro har, gizarte osorantz».

Sarean lan egiten dugu gizalegezko lanaren garrantzia eta beharra lehen lerroan ipintzeko, eta horrek zera esan nahi du

  • Pertsonak ipintzea erdigunean, eta lana ekonomiaren eta gutxi batzuen interesen ikuspegitik pentsatzeko eta antolatzeko egungo logika haustea.
  • Lanaren zentzua eta balioa enplegutik harago planteatzea: Enplegua modu bidezkoan eta duinean banatzea, eta, orobat, gizartean giza bizitzarako beharrezkoak diren zaintza-lan guztiak aitortzea.
  • Enplegu-baldintza duinen alde borrokatzea: pertsonek enpleguan dituzten eskubideak berresteko borrokarik gabe, ezinezkoa da lana humanizatzea.
  • Lana eta atsedena modu humanizatzailean artikulatzea.
  • Giza eskubideen alde borrokatzea eta eskubideak eta enplegua bereiztea.

Eliza Gizalegezko Lanaren Alde ekimena osatzen dugun erakundeok Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Jardunaldia aldarrikatu eta ospatuko dugu urriaren 7an, eta, ekitaldi horren bidez, agerian utzi nahi dugu lan-munduak bizi duen prekaritatea, zeina areagotu egin baita COVID-19ak mundu zabalean eragindako pandemiaren ondotik. Gure mugimenduak badu aldarrikapenik:

  • Ekoizpen-sistema berri baten alde egitea, balio erantsi handiko enpleguak sortzeko gai izango dena eta pertsonak erdigunean ipiniko dituena.
  • Bizitzarako funtsezkoak diren enpleguen aintzatespen soziala eta laborala lortzea, eta enplegu horiek lan-baldintza duinak izan ditzaten eskuratzea, pertsonak pobreziatik atera ahal izateko.
  • Gizarte-babeserako eskubidea aitortzea, lan-bizitzaren mende egon gabe.
  • Gutxieneko diru-sarrera bermatzea behar duten pertsonentzat, eta erakundeei hura kudeatzeko behar dituzten baliabideak ematea.
  • Etxeko langileek aparteko sorospena jasotzen dutela bermatzea eta, gainerako langileei bezalaxe, langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen zaiela ziurtatzea.
  •  

2020ko kanpaina

Seigarren urtez jarraian, Eliza Gizalegezko Lanaren Alde ekimena osatzen dugun erakundeok Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Jardunaldia aldarrikatu eta ospatuko dugu urriaren 7an, eta, ekitaldi horren bidez, agerian utzi nahi dugu lan-munduak bizi duen prekaritatea, zeina areagotu egin baita COVID-19ak mundu zabalean eragindako pandemiaren ondotik. Pandemiaren krisiak agerian utzi ditu ongizate-estatuaren egiturazko ahuleziak eta gizalegezko lanaren premia anaitasunezko gizarte baterantz egiteko. Krisi honek erakutsi digu posible dela gutxiago eta hobeto kontsumitzea, gizartean eta ekonomian gutxien baloratzen diren lanbideetako zerbitzuek eusten dietela komunitate-bizitzari eta -zaintzari.

 

 

Kanpaina osoan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure elizbarrutian, urriaren 5etik 11rako astean egingo den proposamen berezi honekin:

  1. GIZALEGEZKO LANAREN ALDEKO EKIMENAREN MANIFESTUA irakurtzea: GIZALEGEZKO LANAREN ALDE MUGITZEN GARA, pertsonalki edo taldean (betiere une honetan beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak errespetatuz). Atxikita daukazue dokumentua PDF formatuan.
  2. Gogoetarako eta otoitzerako une bat izatea.
  3. Inguruetan kale-ekitaldi bat egitea: pertsona edo talde bakoitza (neurriak errespetatuz), ahal dela urriaren 7an, asteazkena, ibiltzera edo korrika egitera irtetea «Gizalegezko lanaren alde mugitzen gara» dortsalarekin. Zenbat kilometro egin ditugun adierazi behar dugu, eta emaitza orokorra eta parte hartu duten pertsonen kopurua partekatu, ppastoralobrera@bizkeliza.org esteka honetan.

Kanpaina digitalaren parte gisa, denon artean gizalegezko lanaren alde eginiko kilometro kopuru osoa partekatuko dugu jardunaldiaren amaieran.

Hartu parte «GIZALEGEZKO LANAREN ALDE MUGITZEN GARA» ekimenean

 

Kristau alkarte osoak ikusarazi eta salatu behar dau, eskueran dagozan bitarteko guztien bitartez, lan duina lortzeko ezberdintasun egoera eta horrek dakarren duintasun ukapena.

Denok egin dezakegu zerbait gure erakundeetatik, parrokietatik edo konpromisozko lekuetatik.