Campaña

2021 Eliza Gizalegezko Lanaren Alde

Eliza Gizalegezko Lanaren Alde

Gizalegezko lana defendatzeko konpromisoaren barruan, Eliza Gizalegezko Lanaren Alde ekimena sortu zen. Ekimen hori kristau-inspirazioko erakundeek eta entitateek osatzen dute: Espainiako Erlijiosoen Konferentziak (CONFER), Ekintza Katolikoko Langile Anaitasunak (HOAC), Justicia y Paz elkarteak, Gazte Ikasle Katolikoek (JEC), Gazte Langile Kristauek (JOC) eta Caritasek. Haren helburua da gizartearentzat ez ezik milioika pertsonen bizitzarako ere funtsezkoa den gai bati buruzko sentsibilizazio-, ikusgarritasun- eta salaketa-dinamikak bultzatzea: giza lana eta gizalegezko lanaren kontzeptua zabaltzea «gure erakundeen barnerantz, Elizarantz, eta, oro har, gizarte osorantz».

Sarean lan egiten dugu gizalegezko lanaren garrantzia eta beharra lehen lerroan ipintzeko, eta horrek zera esan nahi du:

  • Pertsonak ipintzea erdigunean, eta lana ekonomiaren eta gutxi batzuen interesen ikuspegitik pentsatzeko eta antolatzeko egungo logika haustea.
  • Lanaren zentzua eta balioa enplegutik harago planteatzea: Enplegua modu bidezkoan eta duinean banatzea, eta, orobat, gizartean giza bizitzarako beharrezkoak diren zaintza-lan guztiak aitortzea.
  • Enplegu-baldintza duinen alde borrokatzea: pertsonek enpleguan dituzten eskubideak berresteko borrokarik gabe, ezinezkoa da lana humanizatzea.
  • Lana eta atsedena modu humanizatzailean artikulatzea.
  • Giza eskubideen alde borrokatzea eta eskubideak eta enplegua bereiztea.

Eliza Gizalegezko Lanaren Alde ekimena osatzen dugun erakundeok Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Jardunaldia aldarrikatu eta ospatuko dugu urriaren 7an, eta, ekitaldi horren bidez, agerian utzi nahi dugu lan-munduak bizi duen prekaritatea, zeina areagotu egin baita COVID-19ak mundu zabalean eragindako pandemiaren ondotik. Gure mugimenduak badu aldarrikapenik:

  • Ekoizpen-sistema berri baten alde egitea, balio erantsi handiko enpleguak sortzeko gai izango dena eta pertsonak erdigunean ipiniko dituena.
  • Bizitzarako funtsezkoak diren enpleguen aintzatespen soziala eta laborala lortzea, eta enplegu horiek lan-baldintza duinak izan ditzaten eskuratzea, pertsonak pobreziatik atera ahal izateko.
  • Gizarte-babeserako eskubidea aitortzea, lan-bizitzaren mende egon gabe.
  • Gutxieneko diru-sarrera bermatzea behar duten pertsonentzat, eta erakundeei hura kudeatzeko behar dituzten baliabideak ematea.
  • Etxeko langileek aparteko sorospena jasotzen dutela bermatzea eta, gainerako langileei bezalaxe, langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen zaiela ziurtatzea.
  •  

2021ko kanpaina

Gizalegezko Lanaren aldeko Eleiza ekimenak agiria kaleratu dau, “orain, sekula baino gehiago, gizalegezko lana” goiburuagaz, hain bat aldarrikapen eginez. Agirian jasoten danez, lana “eskubidea eta bitartekoa da pertsona lez garatzeko, hazteko eta osotasuna jadesteko”. Agiria prestatu dabenen ustez, aldarrikapen hau ezinbestekoa da pandemiaren eraginez bizi dogun egoeran, lanaren eremuan behin-behinekotasuna areagotu egin da-eta. Horregaitik, “pandemiaren aurretik jasaten dihardugun behin-behinekotasunak ezin dau ‘normaltasun’ bihurtu”, besteak beste, “irabazian oinarritutako eta norbanakoa zapaldu eta kanporatu egiten dauan eredu ekonomikoaren” ondorio da-eta.

 

 

EGL osatzen daben erakundeek sektore jakin batzuetan jarri dabe arreta, esate baterako, “norbera babesteko ekipamendu barik lan egiten daben garbitasuneko eta osasun arloko beharginengan”, Covid-19ak, behin-behinekotasuna areagotu egin dau-eta euren artean. Gainera, “etxeetan lan egiten daben emakumeen lan-baldintzak eskasak dira eta prebentzino-neurriak ere ez dira egokiak eta euren osasuna arriskuan dago eta telelana egiten ari diranei enpresek ez deutse bitarteko teknologikorik eta gailurik eskura jarten”. Agirian azaltzen danez, badira “ERTEan egon arren, etxetik lan egin behar izan dabenak ere”. Honako egoeren eraginez, langile askok eta askok ezin izan dau “ERTEetan sartu edo gizarte babesik jaso”.

Baterako bideoa Bilboko Eleizbarrutian

Bilboko Eleizbarrutiko Langile Pastoraltzatik dei egin dabe ekimen honetan parte hartzeko, eguneko goiburua eskuetan dogula bideoa grabatu edo, bestela, salatu eta zabaldu gura dan egoeraren bat idatzi.

Eleizbarrutiko gotzainak emon deutso hasiera kateari eta Maite Valdivieso Langile Pastoraltzarako Eleizbarrutiko arduradunak hartu dau lekukoa. Lehenengo bideo honetan lekukoa emoten azkena Manu Moreno Karidade eta Zuzentasunerako ordezkaria da eta mezua jaso eta zabaltzeko dei egiten dau.

Hartu parte «GIZALEGEZKO LANAREN ALDE MUGITZEN GARA» ekimenean

 

Kristau alkarte osoak ikusarazi eta salatu behar dau, eskueran dagozan bitarteko guztien bitartez, lan duina lortzeko ezberdintasun egoera eta horrek dakarren duintasun ukapena.

Denok egin dezakegu zerbait gure erakundeetatik, parrokietatik edo konpromisozko lekuetatik.